ELAren iritziz Hezkuntza publikoko gatazka faltsuan itxi zen eta STEILAS eta LAB sindikatuek mobilizazioak gelditzeko erabakia akats larria izan zen

2018/10/04
Sinatutako akordioen gabezia eta zehazgabetasuna probestuz, eta behin mobilizazioa desaktibatuta, Jaurlaritzak bere murrizketa politikekin darrai. Tamalez, ikasturtea hasi berri den honetan, sinatutako akordioen gabeziak eta sinaturikoa bera ere betetzeko Hezkuntza Sailaren konpromisorik eza agerian geratzen hasi dira. Esaterako, irakasleen sektorean ordezkapenak ez dira lehen egunetik betetzen ari; oraingoz Hezkuntza saila ordezkapenak 2., 3., 4., 5.edota 6. egun naturaletik aurrera ere egiten ari delarik.

 

Pasa den ikasturte amaieran ELAk gogor salatu zuen lehenik Haurreskoletan (LABek soilik sinatu zuen), ondoren Heziketa Berezia eta Sukalde eta Garbiketako sektoreetan eta azkenik irakasleetan STEILAS eta LAB sindikatuek mobilizazioa indargabetu eta akordioak sinatzeko hartutako erabakia akats larri bat zela.

Akordio haiek ez zieten erantzuten, hiru sindikatuok deiturik, langileek hain modu zabalean babestu zituzten greba eta mobilizazioetara eraman gintuzten aldarrikapenei.

Tamalez, ikasturtea hasi berri den honetan, sinatutako akordioen gabeziak eta sinaturikoa bera ere betetzeko Hezkuntza Sailaren konpromisorik eza agerian geratzen hasi dira. Esaterako, irakasleen sektorean ordezkapenak ez dira lehen egunetik betetzen ari; oraingoz Hezkuntza saila ordezkapenak 2., 3., 4., 5.edota 6. egun naturaletik aurrera ere egiten ari delarik. Adinagatik murriztutako eskola-orduak zaintzara, hau da, arreta zuzenera, bideratzen ari dira.

Pribatizatzeko arriskuan jarraitzen dute sukalde eta garbiketako sektorean lan egiten duten emakumeek; Haurreskoletan doakotasunean behar adinako pausoak emateko prestutasunik erakutsi gabe jarraitzen du Jaurlaritzak; hezkuntza premia bereziak izendatzeko irizpideak gero eta gogorragoak dira. Eros-ahalmena berreskuratzeko inolako asmorik ez dago, irailaren 19ko mahai orokorreko bilera ostean sindikatu guztiok salatu genuen bezala.

Erretiroa errazteko edota primak berreskuratzeko intentziorik ere ez. Ratioak bere horretan mantentzen dira, hezkuntza beharren indizearen eta HH3ko geletarako aurreikusitako neurriek oso ikastetxe gutxitan izan dutelarik eragina eta apenas arindu dutelarik lan karga. Eta airean eta zehaztu gabe jarraitzen dute hezkuntza publikoaren funtsezko gabeziak bideratu eta lan-baldintzak hobetzeko ezinbestekoak diren hainbat aldarrikapenek, behin behinekotasuna %6ra murriztu eta langileen kontsolidazio prozesu bidez plantillen egonkortasuna bermatzeko neurriek, esaterako.

ELAk ozen esan zuen pasa den ikasturte amaieran Jaurlaritzak mahai gainean jarritako eduki zehazgabe eta ez nahikoekin mobilizazioa desaktibatzea bilatzen zuela gure aldarrikapenei erantzunik eman gabe. Eta mobilizazioaren bidetik jarraitu beharra zegoela Jaurlaritza behartzeko hezkuntza publikoak dituen arazoei erantzutera.

Ikasturte hasieran ELAk esandakoari eusten dio eta irakaskuntza publikoko langileei dei egiten die egoerari buelta emateko antolatu eta borrokatzera; Hezkuntza sailari exijitzen dio murrizketa politikak alde batera utzi eta berehala har ditzala gure hezkuntza sistemaren gabeziak konpondu eta lan-baldintzak hobetzeko neurriak. Bestalde, pasa den ikasturtean greba dinamika bertan behera uzteko erabakia hartu zuten sindikatuak gonbidatzen ditu sinatutako akordioen gabezien inguruan eta greba dinamika berreskuratzeko beharraren inguruan hausnartzera.