ELArentzat onartezina da Osakidetzan zuzendaritzako jendea bere postuaz baliatzea lehentasun irizpideen arabera ez dagokien txertoa jasotzeko

Bilbo-Basurtu eta Santa Marina OSIko gerenteen dimisioari buruzko informazioak direla eta, ez zegokienean COVID-19aren txertoa jaso dutelako, ELAk adierazi nahi du une honetan, noiz eta aspaldi honetako krisi sanitariorik larria pairatzen ari garenean, onartezina dela Osakidetzako arduradun eta kargudun batzuek -izendapen libreko postuetan ibilbide politiko luzea izan dutenak- beren postuaz baliatu izana ez dagozkien onurak lortzeko.
Gogoratu beharra dago ELAk behin eta berriz salatu izan duela txertatze planaren inguruan dagoen informazio eza eta iluntasuna; areago, abenduaren 29an Osasun sailburuak bilera batean sindikatuari esan zion antolakuntza kontu huts bat zela hau, eta ez ziela ordezkari sindikalei zertan informaziorik eman.
Sindikatuak nabarmendu nahi izan du txertatze protokoloa Osakidetzak inposatu egin duela. “Ez du gurekin negoziatu, eskatu dugun arren, eta gainera helarazi zigunerako txertatze prozesua hasita zegoen”, kexu dira.
Uneotan txertoa da jendearen osasuna babesteko tresnarik onena, baina oraindik kopuru urria dago eskura; horregatik, txertatzea lehentasun ordena zorrotz bati jarraiki egitea exijitzen du, ezarritako irizpideen arabera. Izan ere, Osakidetzako langileek zuzen zuzenean pairatu izan baitituzte kutsatzeak; indizea oso altua izan da, pandemiaren unerik larrienetan babes-material nahikorik ez zegoelako.
Horrenbestez, urtarrilaren 19an Basurtuko Ospitaleko langile batzuen egonezinaren berri eman zuen ELAk, hain zuzen ez zitzaiolako erabateko lehentasuna eman benetan lehenengo lerroan dauden profesionalak -arriskurik handiena dutenak- txertatzeari. Horren ondorioz zerbitzu-buru batzuek jaso zituzten lehen txertoak; OSIko gerentearen dimisioak hau agerian utzi du.
“Gerenteak txertoa ez zegokionean jaso izana are larriagoa da kontutan izanik Santa Marinako Ospitalea dela langileen artean kutsatze indizerik altuena izan duen OSIa”, dio ELAk.
Gauzak horrela, Osasun Sailari galdegin dio gertatutakoa iker dezala eta berma dezala txertatzea protokoloaren arabera zorrotz egiten dela; lehenik txertatu behar dira pazienteekiko harreman zuzena duten langileak, hauek baitute kutsatzeko arriskurik handiena.
Aurreko LEPean ere ELAk salatu zuen orduko gertaera irregularrak ez zirela kasu bakanak, sistema baten isla baizik. “Txertatzearekin gertatu dena izan dugu horren beste adibide bat”, dio.