BIZKAIKO EPAITEGIETAKO GARBITZAILEAK

Elkarretaratzea enpresa hitzarmena urratzen ari dela salatzeko

2024/03/14
SACYR- SERVEO enpresak azpikontratatutako Bizkaiko Epaitegietako garbitzaileek kontzentrazioa egin dute Bilboko epaitegien aurrean.

50 langile inguruk 60 greba egun baino gehiago egin zituzten iaz, langileen lan baldintzak hobetuko zituen akordio bat lortzeko. Azkenik, sektoreko soldata arrakala ezabatu eta lan poltsa arautzen zuen akordio batekin amaitu zen greba, eta hori ezinbestekoa da eremu horretan dagoen partzialtasuna eta prekarietatea pixkanaka ezabatu ahal izateko. Baina, gaur egun, enpresak ez ditu adostutako baldintzak bete: ez du lan poltsarik sortu, eta horrek ezinegona sortu du langileen artean.

Enpresaren urraketek, plantillari ez ezik, epaitegietako garbikuntza zerbitzua ere kaltetzen dute. Horrek arazo gehigarriak sor ditzake eguneroko funtzionamenduan. Langileak elkarretaratzeak egingo dituzte martxoko ostegun guztietan egoera salatu eta enpresari sinatutako akordioa bete dezan eskatzeko. ELAk ez du baztertzen gatazka areagotzea, egoera konpontzen ez bada.