Donostiako Villa Sacramento egoitza

Elkarretaratzeak lan karga handiak salatzeko

2024/05/07
Enpresak ez du plantilla ordezten eta lan kargen ondorioz, erabiltzaileek 14 ordu eman ditzakete ohean eta 12 ordu baino gehiago igaro ditzakete medikazioa jaso ezinik.

Donostiako Villa Sacramento adinekoen egoitzako langileek,- 100 langile inguru eta gehienak emakumeak-, aurre egin beharreko lan baldintza oso txarrak salatu dituzte. Enpresa kudeatzaileak (Domusvi) ez ditu langileen ordezkorik jartzen, eta, beraz, zerbitzuari eragin handia egiten dio; izan ere, lan kargak direla eta, egoiliar batzuk ezin dira eguerdira arte irten ohetik, eta 14 ordu ere egoten dira ohean. Beste ondorioetako bat da 12 ordu baino gehiago igaro daitezkeela medikaziorik gabe.

ELAk urteak daramatza Gipuzkoako egoitzetan langile falta eta ratio eskasak salatzen eta borrokatzen. Gipuzkoako Foru Aldundiak ratioak errespetatzen direla esan arren, argi dago ratio horiek ez direla nahikoak. Gaurko elkarretaratzearen ondoren, beste elkarretaratze batzuk deitu dituzte maiatzaren 17, 22 eta 30erako egoitzaren atarian, 14: 00etatik 17: 30era.