Enplegu publikoaren kontsolidazioaren aldeko mobilizazioak lan-zentroetan

2021/03/30
Enplegu publikoaren kontsolidazioaren aldeko mobilizazioak lan-zentroetan
ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek deituta enplegu publikoa sortu eta behin-behineko langileen kontsolidazioa galdegiteko milaka langilek hartu dute parte lan zentroetan antolatutako kontzentrazio eta ekintzetan. Apirilak 22ko greba aurretik, apirilak 15ean ere administrazio eta sektore desberdinetako lan zentroetan mobilizazioak antolatuko ditugu ardura daukaten agintari eta alderdi politikoei irtenbide egoki bat eskatzeko.

Zerbitzu publikoen defentsan, enplegu publikoa sortu eta behin behineko langileen kontsolidazioa galdegiteko, sindikatuok abian jarritako mobilizazio dinamikaren baitan, kontzentrazio eta ekimen desberdinak gauzatu dituzte gaur sektore publikoko milaka langilek beraien lan zentroetan:

  • EAEko hiru hiriburuetako udaletxeetan, Bilbo, Gasteiz eta Donostian, ehunka langilek babestutako kontzentrazioak gauzatu dira. Baita hiru lurraldetako beste hainbat udaletxetan ere, handienen artean Gipuzkoako Orereta, Irun edo Eibar; Bizkaiko Durango, Gernika, Balmaseda, Getxo edo Galdakao; eta Arabako Laudio.
  • Gipuzkoako Foru aldundian, Bizkaiko IFASen edota Arabako IFBSn ere elkarretaratze jendetsuak izan dira.
  • Administrazio Orokorreko hiru hiriburuetako Eusko Jaurlaritzako egoitza aurretan, hots Gasteizen Lakuan, Bilbon kale nagusia 85ean, eta Donostin Handia kalean, zein Lanbideko zentroetan ere elkartu dira bertako langileek.
  • Osakidetzan hainbat ospitaletan eta osasun zentrotan gauzatu dira elkarretaratzeak, batzuk aipatzearren, Santiagoko ospitalea eta San Martineko osasun zentroa Araban, Gurutzetako ospitalea eta Basurtoko osasun zentroa Bizkaian edota Zumarragako ospitalea eta Amara Berriko osasun zentroa Gipuzkoan
  • Hezkuntzan, Gipuzkoa eta Bizkaiko zentro gehienak itxita badaude ere, elkarretaratzeak gauzatu dira irekita dauden Arabako hainbat ikastetxetan, Adurtza eta Salburuakoak esaterako. EHU-Leioan ere elkartu dira langileak, eta Haurreskoletako langileak ekimenera batu dira, elkarretaratzeak gauzatuz besteak beste Gasteizko Izarra Haurreskolan edota Eibarreko kudeaketa langileak dauden lan zentroan.
  • Garraio publikoari dagokionez, Metro eta Eusko-Treneko langileei elkarretaratzeak egin dituzte.
  • Komunikabide publikoen kasuan, EITBko Miramon eta Bilboko zentroetako langileek ere ekimena babestu dute elkarretaratzeak gauzatuz.

Eusko Jaurlaritzak berak onartu bezala Estatu Espainiarreko eta Europako behin-behinekotasun maila handiena daukagu gure sektore publikoan. %40tik gorako behin-behinekotasuna ez da salbuespena, baizik eta administrazio, sektore eta eremu guztietan sistematikoki, modu orokortu batean eta kasu askotan iruzurrean errepikatzen den errealitatea.

Zerbitzu publikoen ahultzea eta langile publikoen prekarizazioa dakarten enplegu politika orokortu hauek, azpikontratazio eta pribatizaziorako aurretiazko pausu gisa soilik uler daitezke. Gure agintariek Zerbitzu publikoekin negozioa egiteko erabaki politikoa hartu eta horretara bideratutako neurriak sustatzen dituzte beraz.

Egoera honi irtenbide egoki bat emateko ardura daukaten agintari zein alderdi politikoek erantzun egokirik ematen ez diguten bitartean, sindikatuok adostutako mobilizazio dinamikarekin aurrea jarraituko dugu. Hurrengoak apirilak 15ean lan zentroetan gauzatuko diren mobilizazioak eta apirilak 22ko greba eguna.