Enpresek, patronalek eta Aldundiak ez dute Prebentzio Legea betetzen
Bizkaiko erresidentzietako langileek elkarretaratzea egin dute Arrigorriagako Arandia egoitzaren aurrean (Domus VI .a Taldea), euren erresidentzian bertan zein Bizkaiko gainerakoetan ere Prebentzio Legea betetzen ez dela salatzeko. Hala egiaztatu dute enpresen txostenek, lau langiletik hiru arriskuan daudela eta langile gehiago behar direla onartzen baitute. Hala ere, enpresek ez dituzte hartzen legeak ezarritako neurriak. Arandia erresidentzian hiru eguneko greba egin dute.
2026an sektoreko hitzarmena berritzeko negoziazioari ekiteko atarian, lan karga handiak, erritmo handiak, behin-behinekotasuna, okupazio ratioen saturazioa, gaizki kudeatutako antolaketa aldaketak edo bitarteko gehiago behar dituzten eskaera psikologikoak salatu dituzte.
ELAk deituta, lan kargak "jasanezinak" direla esan dute, eta horiek langileen osasunean eragin larria izaten ari direla ziurtatu dute. Salaketa `Zaintzeak gaixotasuna dakarrenean´ kanpainaren barruan kokatzen da.
ELAk adierazi du ezin dela zaintza sistema langileen osasunaren kontura mantentzen jarraitu. Gauzak horrela, enpresei, patronalei eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu die erantzukizuna beren gain hartzeko, legea betetzeko eta erresidentziak beharrezko baliabideez hornitzeko.
Benetako aldaketarik gertatzen ez bada, mobilizazioek aurrera jarraituko dutela eta areagotu egingo direla ohartarazi dute, baita hitzarmenaren hurrengo negoziazioaren esparruan ere.