Epaitegiek 20 eguneko kalte-ordaina ematera behartu dute administrazioa behin-behineko funtzionario baten kontratuari amaiera emateagatik

2017/07/11
ELAk Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta udal eta foru administrazioei eskatzen die behin-behineko funtzionarioei eman diezaietela 20 eguneko kalte-ordaina izan dituzten kontratuen amaieragatik eta euskal administrazioaren gehiegizko behin-behinekotasunari konponbidea eman diezaiotela.

Atzo argitara eman zen behin-behineko funtzionario bati kontratu amaieragatik administrazio publikoa lan-legepeko langileen kontratu amaieragatiko kalte-ordain bera ematera behartzen zuen lehen epaia, lan eginiko urte bakoitzeko 20 eguneko kalte-ordaina, alegia. Europar Batasuneko Justizia Epaitegiaren azken urteko epai eta irizpideei jarraituz, A Coruñako 2. Administrazioarekiko Auzi Epaitegiak arrazoia ematen dio behin-behineko kontratua izan zuen irakasle funtzionario bati kontratu amaitzerakoan administrazio publikoak inolako kalte ordainik eman ez diolako egin duen helegitean.

ELAk jada, administrazio publikoaren sektore ezberdinetan, 1.500 erreklamaziotik gora aurkeztu ditu kontratu amaieragatik 20 eguneko kalte-ordainak eskatuz eta egiturazko lanpostuak betetzeko administrazioak urteetan zehar edota bata-bestearen atzetik egiten dituen iruzurreko behin-behineko kontratuak egonkortzea erreklamatuz.

Epai honen argitan, sindikatuak euskal administrazio guztiei, Nafarroako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari, udalei eta Foru Aldundiei eskatzen die behin-behineko kontratua izan duten lan-legepeko langile nahiz funtzionarioei kontratu bakoitzaren amaieragatik dagokien 20 eguneko kalte-ordaina eman diezaietela.

ELAk euskal administrazioetan dagoen %30etik gorako behin-behinekotasunari lehenbailehen konponbidea jar diezaiotela eskatzen die gobernu ezberdinei. Izan ere, administrazioak behin-behineko kontratazioa modu sistematiko eta iruzurtian erabiltzen du egiturazko lanpostuak urteetan zehar betetzeko, batzuetan gainera bata-bestearen atzetik behin-behineko kontratuak errepikatuz, lan-baldintzen eta zerbitzu publikoaren kaltetan.

Gobernuek neurri hauek hartzen ez dituzten heinean egoera hauetan aurkitzen diren langileei dei egiten diegu dagokien erreklamazio eta helegiteak aurkeztera eta jada sektore ezberdinetan abian ditugun mobilizazioetan parte hartzera.