EITB Miramón
Erabateko jarraipena, makilatzaile eta ileapaintzaileen lehen greba egunean

EITBren Miramongo egoitzaren aurrean egindako elkarreratze batekin ekin diete makilatzaile eta ileapaintzaileek gaur, martxoak 25, hasi duten greba mugagaberari. Datorren apirilaren 14tik aurrera enpresa berri batek eskainiko du zerbitzua, eta hilabete eskas falta denean, EITBk pleguetan subrogazio betebeharra txertatu ez zuela argudiatuz, enpresa berriak ez du langileak mantentzeko borondaterik azaldu, eta ondorioz, berauen lanpostuak kolokan daude.
ELArentzat harrigarria da EITB zerbitzua esleitzeko prozesua martxan jarri izana subrogatzeko beharra aipatu gabe. Alde batetik, egoera berean dauden eta lan zentro berean aritzen diren beste azpikontrata batzuekiko eskubide hau bermatzeko prest agertu delako. Bestetik, langile hauei aplikatzen zaien EAE mailako akordio markoak subrogazio eskubidea espreski jasotzen duelako.
ELAk irtenbide baten bila egindako bilerak gorabehera, egun ez dago ziurtatuta langileek enpresa berriari zerbitzua ematen jarraituko dutela. Gauzak horrela, minimo hori bermatzen ez den bitartean, greba mugagabeak jarraituko du.