AZPIKONTRATATUTAKO ANBULANTZIAK

Erosahalmena berreskuratzea eta Osakidetzako langileekin parekatzea eskatu dute

2023/05/25
Eusko Jaurlaritzak azpikontratatutako anbulantzietako langileen erosahalmena berreskuratzea eta Osakidetzako langileekin parekatzea eskatu du ELAk, Gasteizen. Manifestazioa egin du Txagorritxu Ospitaletik abiatuta Eusko Jaurlaritzaren egoitzaraino (Lakuan), osasun arloko garraio pribatuaren sektorean ordezkaritza duten beste sindikatuekin batera. Sindikatuek gogorarazi dute bi urtean langileek % 12ko soldata galera izan dutela, eta Osakidetzako arlo bereko langileek baino lanaldi luzeagoa dutela: 120 ordu egunean eta 265 gaueko ordu gehiago. Premiazko garraio sanitarioaren hurrengo lehiaketara begira, Eusko Jaurlaritzak enpresekin adostu du finantzazioa % 30 handitzea (urtean 20 milioi euro gehiago); sektoreko lan hitzarmenak, ordea, blokeatuta jarraitzen du.

Sindikatuek gogorarazi dutenez, azpikontratatutako zerbitzua da, eta Eusko Jaurlaritzak sektoreko enpresei – Ambulancias Gipuzkoa, Grup La Pau eta Ambulancias Rodrigo- esleitzen die zerbitzua, urtean 100 milioi euro inguruko prezioetan. “Haien helburu bakarra kosta ahala kosta aberastea da, beraz, edozer gauza egiten dute irabaziak puzteko, baita langileei nominak gaizki ordaintzea ere. Hori guztia finantzazio publikoaz baliatuta”, kexu dira. Hori gutxi balitz, gehitu dute, galera ekonomikoak dituztela diote enpresek, Gobernuak diru publiko gehiago emateko. Sindikatuek jakinarazi dutenez, orain dela gutxi 9 milioi euro jaso dituzte euren kontu ekonomikoak orekatzeko.

Horregatik guztiagatik, langileek negoziazioa desblokeatzeko eskatu dute.