Espainiako Gobernuak CCOO, UGT eta CSIF-ekin sektore publikorako telelanaren inguruan sinatutako akordioa sektore pribaturako lege proiektua baino okerragoa da

2020/09/21
CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek Espainiako Gobernuarekin sektore publikoko tele-lana arautuko duen testua sinatu dute. ELAk Gasteizko eta Iruñako Gobernuei testua baztertzeko eta gai honi buruz arautzeko mahai negoziatzaileak irekitzeko eskaria luzatu nahi die.

CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek eta Estatuko Gobernuak adostutako testuak ez ditu jasotzen ELAk behin eta berriz egin dituen eskaerak, eta Estatuko Gobernuaren eta sindikatu sinatzaileen beste esku-sartze bat da gure erabaki- eremuan. Gainera, testuak ez du gai horri buruzko akordio batek jaso beharko lituzkeen oinarrizko berme eta eskubiderik. Besteak beste:

  1. Akordioak ez du aitortzen euskal langileek gure esparruan gai honen inguruan erabakitzeko eskubidea.
  2. Tele-lana egin ahal izateko dagokion arduradunak baimena eman behar du; beraz, ez da ohiko lan-modalitatetzat hartzen.
  3. Sindikatu sinatzaileek ontzat jotzen dute administrazioek telelanari lotutako gastuak beren gain ez hartzea. Adibidez: elektrizitatea, internet, berogailua, altzarien gastuak, prebentzioaren arlokoak, etab.
  4. Tele-lanaren berezko lanpostuen arriskuen ebaluazioa egiteko behar diren mekanismoak ez dira sartzen, arrisku psikosozialetan eta laneko jazarpenean bereziki.
  5. Testuak ez du bizitza profesionala eta bizitza pertsonala mugatzea ahalbidetzen duen tresnarik aurreikusten, ez du finkatzen atsedenerako eta deskonexio digitalerako eskubidea nola bermatuko den.

Beraz, ELAk adostutako testuaren erabateko desadostasuna adierazi nahi du, eta bere harridura azalerazi nahi du sindikatu sinatzaileak langile publikoei sektore pribatuko lege egitasmoan aurreikusten diren baino eskubide gutxiago aitortzen dizkien testua onartu baitute.

Bukatzeko, Gasteizko eta Iruñeko Gobernuari eskatzen diogu testua baztertu dezatela, eta gure esparruan negoziatzeko eskubidea defendatuz, hemen, mahai bana ireki dezatela gai hau arautzeko.