Espainiako Gobernuak egin duen proposamenarekin langile publikoek erosmen ahalmena galduko dute
Sindikatuak salatu du enpleguaren arloan, Espainiako gobernuak ez dituela errespetatzen langileen beharrak erabakitzeko gure gaitasuna hezkuntzan, osasungintzan, gizarte-zerbitzuetan eta abarretan, eta erreposizio tasak zehaztearen alde jarraitzen duela. Ondorioz, estatuak erabakitzen du erretiratutako langileak ordezkatzeko muga. “Estatuak enplegu publikoa suntsitzen jarraitzen du, eta sektore publikoaren behin-behinekotasunaren arazo larriaren amaiera zailtzen”, kexu da.
Bestalde, %2ko soldata igotzeko proposamenak erosmen ahalmena txikitzen du. Hori kontuan hartuta eta azken hamarkadako austeritate-politiken erruz, langile publikoetan metatutako erosmen ahalmenaren galera % 13tik gorakoa da. Gainera, oinarrizko araua denez, Estatuaren beste esku-sartze bat suposatzen du.
Bileran, ELAk salatu du Gobernuak aurkeztutako neurrien larritasuna, eta honako hau eskatu die Estatuko ordezkariei:
-
Pandemian argi eta garbi geratu da zerbitzu publikoak indartzeko premia larria dagoela eta horretarako, langile publikoen lan baldintzak hobetu behar dira nahitaez. Egindako proposamenak, ostera, kontrako bidean doaz.
-
Gure herrialdean zer zerbitzu publiko behar eta nahi ditugun erabakitzeko eskubidea aitortzea. Espainiako Estatuak gure beharrak erabakitzeko gaitasuna aitor diezagula enpleguan, hezkuntzako lan baldintzetan, osasunean eta gizarte-zerbitzuetan.
-
2022rako Aurrekontu Legean erreposizio tasak kentzea eta, aldi berean, EPOEren premiazko aldaketa bat, gure herrialdeko sektore publiko osoan enplegu publikoa kontsolidatzeko prozesu bermatzaileak abian jartzea ahalbidetuko duena.
Bestalde, ELAk bileran parte hartu duten Gasteizko eta Iruñeko gobernuetako ordezkariei eskatu die eutsi diezaiotela euren autogobernu ahalmenari, eta behingoz utz diezaiotela Madrilen emandako aginduak partekatzeari, ondorio larriak ekarri baitizkiete sektore publikoko langileei eta, oro har, gizarteari.
Azkenik, Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdi politikoei eskatu die ez diezaietela babesik eman neurri horiei 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean.