Espainiako Gobernuak eta sindikatuek euskal negoziazio kolektiborako eskubidea urratu dute
Joan den ostegunean, azaroaren 28an, "Enplegu publikoa eta herritarren zerbitzua hobetzeko esparru akordioa" (Espainiako Estatuko Gobernuaren eta UGT eta CSIF sindikatuen arteko akordioa) adostu eta irudikatu ondoren, Gobernuak ELAk duela ia hilabete eskatu zuen negoziazio-mahaia deitu du astelehen honetarako, abenduaren 1erako.
Azaroaren hasieran, ELAk komunikabideen bidez jakin zuen Espainiako Gobernua negoziatzen ari zela akordioa UGT eta CSIF sindikatuekin.
Horren aurrean, Funtzio Publikoaren Estatu Idazkaritzari idazki bat bidali zion, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan (EPOE) jasotako negoziazio mahaia berehala deitzeko eskatuz. ELAk salatu zuen negoziazio "paralelo eta mahaitik kanpo" horrek larriki urratzen zuela euskal sektore publikoko langileen negoziazio kolektiborako eta askatasun sindikalerako eskubidea. Bada, Espainiako Estatuko Gobernuak ez dio jaramonik egin eskaera horri ostiral honetara arte; izan ere, akordioa lortu eta antzeztu ondoren, Mahaia deitu du gaurko, 18:00etan.
Astelehen honetako bileran, ELAk EAEko sektore publikoko langileen negoziazio kolektiborako eskubidea errespetatzeko eta haien lan baldintzak hemen erabakitzeko eskatuko die Estatuko Gobernuari eta Mahaian dauden sindikatuei.
Era berean, Gernikako Estatutuan eta Foru Hobekuntzaren Legean aitortutako eskumenak mugatzen dituen akordio hau ontzat ez emateko eskatuko diete bileran egongo diren Gasteizko eta Iruñeko Gobernuko ordezkariei. Era berean, benetako urratsak eskatuko dizkie zerbitzu publikoak hemen erabaki ahal izateko. "Hitzetatik ekintzetara igaro behar dute, eta norabide horretan hartu erabakiak. ELArentzat oso larria da aukera hori behin eta berriz urratzen duten Gobernu eta sindikatuak babestea ", deitoratu du.