LOMCE erreformatuta ere Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren eskumenak inbaditzen dira

2018/12/12
Hezkuntza ministerioarekin izan den bileran ELAk ongi iritzi dion arren LOMCEren alderik okerrenetako batzuk bertan behera uzteko asmoari, gure hezkuntza eskumena osorik errespeta dadila exijitu du; eta Madrilgo Gobernuak ez daukala murrizte-politika baztertzeko asmorik salatu du. Espainiar Gobernuak lege aldaketarako aukeratutako bideak, lege organiko bidezkoak alegia, erreformaren izapidetza luzatu eta bere onarpena zailduko duela ere salatu du sindikatuak.

Batetik, LOMCErekin hezkuntza-eredu zentralizatzailean sakontzen zen, Euskal Herriko eskumenei eraso berri bat eginez. Bestetik, ezarri zuen hezkuntza eredua antidemokratikoa, doktrinatzailea, uniformatzailea, atzerakoia, segregatzailea eta elitista izan zen. Bere helburu nagusienetako bat hezkuntzaren merkantilizaziorena zen, hezkuntza merkatu eta kapitalaren zerbitzura jarriz.

Sanchezen gobernuak proposatu duen erreformak LOMCEren alderdirik okerrenak indargabetzeko asmoa du: errebalida edo azken ebaluazioak, Estatuaren esku zegoen curriculumaren zabaltzea, hizkuntza koofizialetako murgiltze ereduen debekua, DBHko 3. mailatik ikasleak segregatzea, erlijio eta balio etiko eta zibikoen ikasgaien trataera eta aintzatespena, eskoletako parte hartze demokratikoa eta eskola-kontseiluen eskumenak mugatzea, edota ikastetxe pribatuen mesedetan ezarri zen planifikazioaren desarautzea.

Haatik, onartuko balitz ere, erreforma honekin soilik LOMCE ezarri aurreko egoerara itzultziko ginateke, esaterako eskumenen inbasioari dagokionez, azken urteetan aplikatzen ari den murrizketa politiketan ez luke eraginik izango, eta ez luke zuzenduko jada LOEn ageri den hezkuntzaren merkantilizaziorako joera ere.

Gaurkoan sindikatuak salatu du, adibidez, curriculumaren edukien %55a zehaztea, titulu akademikoak lortu, agiriak eman eta homologatzeko eskubidea edota unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioen oposizioen sistema ere Espainiar Gobernuak inposatzen jarraituko lukeela. ELAk murrizketa politika atzera botatzeko, hezkuntza inbertsio publikoa gehitzeko, lanpostuak gehitzeko, ratioak jaisteko zein enplegua kontsolidatu eta behin-behinekotasuna %6ra jaisteko neurriak hartu, eta urteetan hezkuntzako langileei aplikatutako gainerako murrizketak atzera botatzeko beharra jarri du mahai gainean.

Egoera honen aurrean, ELAk Lakua eta Iruñeko gobernuei exijitzen die gure eskumen osoa defenda dezatela, murrizketa politika atzera bota dezatela eta gure hezkuntza sistemak dituen beharrei erantzun diezaiotela.