ETBk kazetari, erreportari eta kamerari lanak prekarizatu eta gutxiesten ditu zuzeneko saioetan

2021/09/15
Zaharrak berri ETBn. Telebistako denboraldi berria hastearekin batera ikusi ahal izan da ETBk lehengo jokabideekin jarraitzen duela zuzeneko saioetan. Saio horietan ari diren kazetariak kalean kamara operadorerik gabe jarduten dute, horien lana euren gain hartuz. Zuzendaritzak inposatutako erabaki honekin kazetariak are eta egoera prekarioagoan dihardute, eta beste langile baten postua suntsitzen ari dira.

Oraingoz telebista-ekoizle bidez kontratatutako langileek eta atzerriko korrespontsal gehienek sufritzen dute egoera hau. Bien bitartean, ETBko langile diren kazetariek beti kamerarekin eta dagokionean operadorearekin ere lan egiten dute. Hau da, euren lana era egokian egiteko gutxieneko baldintzak errespetatzen zaizkie. ETBk baldintza horiek ezarri beharko lituzke kanpoko telebista-ekoizleak kontratatzerakoan.

Horrelako praktikek kazetari, erreportari eta kamerari lanak gutxiesten eta prekarizatzen dituzte eta kazetaritza bera degradatzen dute, lehendik ere lanbideak bizi dituen zailtasun, gabezia eta praktika txarrak areagotuz. EITBk, herri honetako komunikazio talde publikoak, dagozkien garrantzia, errespetua eta duintasuna eman behar die eta ez maldan behera bultza egin.