Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek hirugarren greba eguna egingo dute abenduaren 22an

2017/12/21
ELA-LAB-UGT-USO sindikatuek salatu dutenez sektoreko patronalak negoziatzeko borondate eskasa agertu du orain arte. Etxez Etxeko Laguntzaren Bizkaiko Zerbitzuko langileek bi greba-egun egin dituzte dagoeneko, abenduaren 1 eta 15ean; hala ere, sektoreko patronalak ez du negoziatzeko borondaterik erakutsi. Hori dela eta, datorren ostiralean, abenduak 22, hirugarren greba-eguna egingo dute Bizkaiko esparruan.

Etxez Etxeko Laguntzaren Bizkaiko Zerbitzuko langileek egingo duten hirugarren greba egunean, Etxez Etxeko Laguntzako langileak manifestazioan joango dira Bizkaiko Foru Aldunditik (10:30) Bilboko Udaletxeraino, zerbitzua goitik behera aldatzeko eskatuz eta lan-baldintzen aldeko aldarria zabalduz. Mobilizazio horretan, sektoreko patronalaren negoziazio-borondate hutsa ez ezik, Eusko Jaurlaritzaren gutxienezko zerbitzuen dekretua ere salatuko da. Izan ere, Dekretu horren bidez Bizkaiko 34 herritako 1.400 langileri baino gehiagori ukatu zaie greba eskubidea, zeren ezarritako gutxienezko zerbitzu horiek izatez eragozten diete langile askori greba egin ahal izatea.

Bestalde, gogoratu beharrekoa da sektore horretan batez ere emakumeak aritzen direla, eta hitzarmena ez dela berritu 2016az geroztik. Hori gutxi balitz bezala, sektorearen egoera berez prekarioa bada, orain egoera hori larriagotu da, zerbitzu-orduak murriztu direlako, denbora partzialeko lanaldiak ugaldu, lan-kargak handitu, eta udaletako zerbitzu lizitazioak “enkante” bihurtu direlako. Horiek horrela, herritarrei kalitatezko gizarte zerbitzuak bermatu beharrean, gure nagusien bitartez negozioa egitea erraztu da.

Ondorioz, sektoreko enpresak zerbitzu-lizitazio batera aurkezten direnean kostuak merkatzea lehenesten dute, zerbitzuari kalitatezko arreta ematearen aurretik. Horregatik guztiagatik eskatzen diegu udalei eta enpresa-elkarteei kudeaketa-politika hori zeharo aldatzea, eta sektoreko langileek hiru greba-egunetan plazaratu dituzten eskaerei erantzutea.

Halaber, ELA-LAB-UGT-USO sindikatuok eta sektoreko langileok jakinarazten dugu gure mobilizazioak areagotuko direla, langileok eta erabiltzaileek jasaten dugun egoera hori benetan aldatzeko.