Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak mobilizazioa beste biderik ez du uzten

2021/01/21
Osasun Sailak daukan negoziatzeko borondaterik eza ikusita, eta Osakidetzak aspalditik dauzkan arazo larriak konpontzeko borondaterik ikusten ez dugun heinean, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok mobilizazio dinamikarekin aurrera jarraitzen dute, eta urtarrilaren 28an greba deituko dute. Goiz honetan elkarretaratzeak egin ditugu Osakidetzako lantoki guztietan,

Sindikatuen oharra:

Berriro ere azpimarratu nahi dugu Osasun Sailak mobilizazioa beste biderik ez digula uzten. Asmo oneko adierazpenetatik haratago, inposizioan, informazio eta negoziazio faltan, inprobisazioan eta propagandan sakontzen du Osakidetzak. Ez du inolako borondaterik bere egiturazko arazoei irtenbide errealak eta eraginkorrak emateko; gabezia horiek areagotu egin dira pandemiarekin, eta lantokietan bizi den egoera jasanezin bihurtu dute.

Bihar Mahai Sektoriala deitu dute. Bertan, benetako negoziazioa eskatuko dugu, gure aldarrikapenei helduko dieten edukiak dituena; Osakidetzako langileek aspaldidanik jasaten dituzten arazoentzako benetako konponbide sakonak eskatuko ditugu, zalantzarik gabe herritarrei eskaintzen zaien arreta-kalitatean eragin zuzena dutenak. Pandemiak eskatzen du, premiaz, plantilla indartzea eta behar bezala dimentsionatzea; izan ere, plantilla horrek urteak daramatza gutxietsita, eta, testuinguru horretan, osasun-krisiaren ondoriozko lan zama osagarri guztiari aurre egin behar dio.

Zeregin horien artean azkena, COVID 19ren aurkako txertoa jartzea da. Salatu nahi dugu, behin eta berriz galdetu arren, gaur egun oraindik ez dakigula nola egingo dion aurre Osakidetzak hilabeteetan luzatuko den txertaketari, eta azpimarratu nahi dugu hau erronka bat dela bere lana biderkatu duen osasun-sistema batentzat: PCR, baheketa masiboak, miaketa, paziente positiboen arreta. Informazio eta gardentasun falta horri gehitu behar zaio lantokietan horri buruz ikusten dugun planifikazio eskasa.

Ez dugu behar propaganda-adierazpenik edo asmo oneko adierazpen hutsalik. Behar duguna Osakidetzaren egoera larria lehengoratzeko neurriak berehala hartzea da: Osasun publikorako aurrekontu-partida bat esleitzea, EBko batez bestekoarekin parekatzeko modukoa (osasun-aurrekontuaren %25 lehen arretara bideratuz); plantilla handitzea, egiturazko plantillan iruzurrean ezkutatuta dauden postuak sartuz; behin-behineko langileak finko bihurtzea; murrizketa guztiak lehengoratzea; pribatizatutako zerbitzuak lehengoratzea; eta langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak ezartzea.
Osakidetzako langile guztiei dei egiten diegu biharko, lantokietan deitutako elkarretaratzeekin eta urtarrilaren 28ko greba-deialdiarekin bat egin dezaten.