LANGABEZIA-PRESTAZIOEN KUDEAKETA
Eusko Jaurlaritza transferentzia negoziatzen ari da langileak kontuan hartu gabe

Irailaren 17an jakinarazi zenez, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak akordioa lortu zuten langabezia-prestazioak eta -subsidioak kudeatzeko eskumenak Euskal Autonomi Erkidegora transferitzeko. Negoziazioek iraun duten bitartean eskualdatutako langileen lan baldintzak konpontzeko eta negoziatzeko ELA Eusko Jaurlaritzarekin bilera egiten saiatu den arren, transferentzia beste behin ere langileen bizkar egin da.
Ez da kontu hutsala. Ez da lehen aldia Eusko Jaurlaritzak iragartzen duela transferentzia bat, plantilla berria eta haren lan-baldintzak kontuan hartu gabe. Antolamenduan kaosa sortzen du erakunde hartzailean (kasu honetan, Lanbiden), bai eta transferitu beharreko plantillako nahasmendu onartezinak ere.
Era berean, eta albisteari eman nahi izan zaion garrantzia gorabehera, transferentzia hori Estatutuan jasotakoaren zati txiki bat baino ez da. Ondorioz, oraindik langile asko eskualdatu behar dira estatuko administraziotik euskal administraziora, batez ere Gizarte Segurantzara.
Azkenik, ez dugu ahaztu behar transferentzia hori ez dela nahikoa, langabeziagatiko prestazioen eta subsidioen kudeaketa soilik eskualdatuko baitira. Hau da, langabetuak "leihatila bakarrik aldatuko du", eta transferentzia berri horrek ez du ekarriko hobekuntza ekonomikorik prestazio horietarako, prestazio horiek Madrilen esku baitaude oraindik.
ELAk Jaurlaritzari eskatu dio behingoz langileei bizkarra emateari utz diezaiola eta egindako bilera eta informazio eskaerei baiezko erantzuna eman diezaien. Hala ez bada, langileek mobilizazio-dinamika bati ekitea beste aukerarik ez dute izango, haien enplegua eta lan-baldintzak bermatzeko.