Eusko Jaurlaritzak %100ean urratzen du Gipuzkoako egoitzetako langileen greba-eskubidea

2020/10/05
ELAk salatu du hiru urtetan –eta 243 greba egunetan– Eusko Jaurlaritzako Lan Ordezkaritzak gatazka honi egindako ekarpen bakarra patronalaren eta Aldundiaren interesetara makurtzea izan dela, langileen greba eskubidea urratzeko.

Espero ez izanagatik ere, eskandalu hutsa da gertatutakoa. Eusko Jaurlaritza patronalaren interesen mende dagoela frogatzen da berriz ere. Erizain laguntzaileek, garbitzaileek, erizainek eta medikuek ezingo dute greba egin egoitzetan.

ELAk salatu du Eusko Jaurlaritzak egiten duen balio demokratikoen gabezia hori langileen greba-eskubidea urratzeko asmo hutsarekin egiten duela, ez egoiliarren interesa defendatzeagatik. Bestela, nola azaltzen du Eusko Jaurlaritzak, greban egonik, Gipuzkoako egoitzetan Bizkaikoetan edo Arabakoetan baino jende gehiago lan egin izana? Gipuzkoan ezarri beharreko gutxieneko zaintza ez al dute merezi Bizkaiko edo Arabako adinekoek?

Hain da zitala sektore horren logika, non erakunde eta enpresetan poltsikoa zaintzea baino ez den gailentzen, ezen Eusko Jaurlaritzak beraiek onartu duten dekretuak betetzen ez dituen gutxieneko zerbitzuak ezartzen baititu. Aldundiak, enpresek edo Eusko Jaurlaritzak benetan beren erantzukizunaz arduratzeko asmoa izango balute, gutxieneko zerbitzuak % 200ekoak izango lirateke, baina ez greba-egunean, urte osoan zehar.

ELAk errepikatu du sumingarria dirudiela erakunde publikoak enpresa pribatuen interesen mende jartzea, era guztietan. Horrez gain, Gutxieneko Zerbitzuak juridikoki errekurritzeko aukera aztertuko duela jakinarazi du sindikatuak.

Azkenik, ELAk herritar guztiak animatu ditu urriaren 6an, 11: 00etan, Donostiako Gipuzkoa plazan egingo den manifestazioan parte hartzera, senide eta pentsiodunekin batera. Beren eskubide legitimoak erreklamatu ezin izango dituzten langile horiei guztiei hitza eman behar zaie.