Eusko Jaurlaritzak anbulantzia zerbitzua murrizten jarraitzen du beste 20 langile kaleratuz

2021/11/09
ELA, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek kontzentrazioa egin dute Eusko Jaurlaritzak anbulantzia zerbitzua berrezarri beharrean, beste bi anbulantzia kendu eta langileak kaleratzen ari dela salatzeko.

Urriaren 8an, Eusko Jaurlaritzak Covid-19ak kutsatutako pazienteak lekualdatzen zituzten 6 anbulantzia kendu zituen osasun garraioko zerbitzutik, eta, horrekin batera, 60 langile inguru kaleratu; guztiak zaintza lanetan lehen lerroan lanean aritu direnak. Hori gutxi ez, eta azaroaren 4an Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen Bizkaian oraindik zerbitzua ematen zuten bi anbulantzia alde batera uztea, ondorioz, langileak kaleratuz.

Erabaki horiei erantzuteko, ELA, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte Gasteizen, Bilbon eta azaroaren 9an Donostian, desadostasuna adierazi eta osasun garraio zerbitzua hobetu dadin eskatzeko, publifikazioaren bidez. Era berean, Gotzone Sagarduy osasun sailburuari eta Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoei bilera eskatu diete.

Gogoratu dezagun pandemia baino lehen ere ez zela nahikoa asistentziazko eta ez-asistentziazko osasun garraioa EAEn. Hobekuntza bat behar zuen: dauden baliabideen kopurua handituz zerbitzu hobea emateko, bai anbulantzia asistentzialetan, bai ez-asistentzialetan. Hala ere, pandemiaren ostean, hau da, txertaketa masiboaren, Covid kasuen jaitsieraren eta askok dena amaitu dela pentsatzearen ondoren, Eusko Jaurlaritzak hartutako zerbitzuak baztertzea erabaki du, zerbitzua hobetu beharrean berriro ere okertuz.

Egoera hau onartezina da ELA, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuentzat. Pandemiaren 18 hilabeteetan ez da ezer ikasi. Izan ere, osasunean inbertitutakoa mantendu beharrean, pandemia aurreko prekarietate egoera berera itzultzen ari gara; ez da osasun publikoa indartzen, lehentasun osoa izan behar duela ikusi denean.

Bilera, erantzunik gabe

Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakia herritarren zerbitzura egongo den osasun publiko indartsua sustatzearen aurkakoa da, eta arlo horretan negozioa egin nahi duten enpresen interes ekonomikoen zerbitzura egongo da. Horregatik guztiagatik, ELA, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek urriaren 26an bilera eskaera bat erregistratu zuten Gasteizen, eta aste honetan bertan, gai horri heltzeko premiazko bilera eskatu diete Gasteizko Legebiltzarreko alderdi politikoei, Osasun Sailak oraindik ez baitio idazkiari erantzun.

Bilera egitea eskatzen diote sindikatuek publikoki Osasuneko sailburuari. EAJ ez beste alderdi guztiak sindikatuekin harremanetan jarri dira bilera egiteko, eta ez da ulergarria gaur egun, bilera eskatu zenetik 10 egun baino gehiago igaro ondoren, gurekin harremanetan jarri ez izana.

Langileak berriz hartzeko eta ezabatutako 8 anbulantziak berriro martxan jartzeko eskatzen dute sindikatuek, eta, era berean, Administrazioak zerbitzu garrantzitsu hori benetan eta zuzenean kontrolatzea, anbulantzia asistentzialak eta ez-asistentzialak publifikatuz.