SEKTORE PUBLIKOKO MAHAI OROKORRA

Eusko Jaurlaritzak argi utzi du 115.000 langileen baldintzak hobetzeko inolako borondaterik ez duela

2026/01/27
Eusko Jaurlaritzak argi utzi du 115.000 langileen baldintzak hobetzeko inolako borondaterik ez duela
Eusko Jaurlaritzak, besteak beste, soldatetan, enpleguan, lan osasunean edota euskara alorrean ELAk egindako proposamenak negoziatzeari eta hobetzeari uko egin dio. ELAk Pradalesen exekutiboari eskatu dio eskumenen defentsaren inguruko propaganda egiteari uzteko eta zerbitzu publikoak eta langile publikoen lan baldintzak hemen erabakitzeko eskumena praktikara eramateko

Urtarrilaren 27an Eusko Jaurlaritzako 115.000 langileen baldintzak negoziatzen dituen Mahai orokorraren bilera egin da Gasteizen. Beste behin ere argi geratu da Mahai orokorra ez dela negoziaketarako esparru bat, baizik eta Eusko Jaurlaritzak bere menpeko langileen lan baldintzak erabakitzeko eskumenei muzin egiten dion esparrua.

Horrela soilik ulertu daiteke Eusko Jaurlaritzak gai zerrendarik gabeko deialdia egin izana lehenengo, eta ELA sindikatuak, besteak beste, soldatetan, enpleguan, lan osasunean, plantillak gazteberritzeko edo eta euskara gaien inguruan egindako proposamenak negoziatzera uko egin izana ondoren, Estatutik eratorritako neurriak solik beteko dituela adieraziz. 

ELAri bereziki kezkagarria iruditzen zaio euskararen aurkako oldarraldi betean Eusko Jaurlaritzak gaurko bileran aurkeztutako idatzia. Bertan euskara eskakizunak ezartzearen kontra epai eta diskurtso euskarafoboek erabiltzen dituzten argudioei ez die aurrerik egiten. Are gehiago, uler daiteke erasoaren aurrean auzia erabat erlatibizatzeko asmoa duela. 

Urteak dira Eusko Jaurlaritzak muzin egiten diola langile publikoen lan baldintzak erabakitzeko dituen eskumenei eta hauen defentsa errealari. Eusko Jaurlaritza Madrilen hartzen diren erabakien jarraitzaile huts gisa aurkezten du bere burua. Horrela, zerbitzu publikoen prekarizazioaren eta pribatizazioaren bitartez, enpresa pribatuen negozio esparruak indartzen ditu, langile publikoen pobretze eta prekarizazioan pausoak eman arren eta zerbitzu publikoak ahuldu arren, honen ardura Madrili egotziz.

ELAk mobilizazioak, ekimenak eta grebak bultzatzen jarraituko du, Euskal Herrian erabaki eta negoziatu daitezen lan baldintzak, soldaten galeraren berreskurapena eta enpleguaren kontsolidatzea, esaterako. Bai enplegatu publikoen kasuan, bai gainerako euskal langileen kasuan ere. Ildo horretan, ELAk martxoaren 17ko greba orokorrarekin bat egiteko deia egin die euskal langile guztiei.