Administrazioaren mahai orokorra

Eusko Jaurlaritzak bere 115.000 langile publikoen enplegu beharrak eta soldata Madrilen esku uzteko asmoa azaldu du

2025/10/21
Eusko Jaurlaritzak bere 115.000 langile publikoen enplegu beharrak eta soldata Madrilen esku uzteko asmoa azaldu du
Eusko Jaurlaritzari autogobernua diskurtso hutsetik praktikara eramateko eskatu dio ELAk Lakuan egindako kontzentrazioan. 2026ko aurrekontuetan soldata eta enplegu publikoa hemen erabakitzeko mobilizazioak bultzatuko ditu ELAk

EAJk lanbidearteko gutxieneko soldata autogobernuaren bitartez defendatzeko asmoa adierazi zuen atzo. Eusko Jaularitzak, ordea, langile publikoen soldata, enplegua eta lan baldintzak hemen erabakitzeko asmorik ez duela argi utzi du gaur Gasteizen egindako mahia orokorrean.

Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak sindikatuei gaurko bileran aurkeztu die 2026ko aurrekontu egitasmoan jasoko duen soldata igoera, enplegu publikoaren aurrikuspenak eta lan baldintzekin zerikusia duten neurriak. Bada, enplegu publikoko sailburuordeak adierazi du, 2026rako Aurrekontu Lege Proiektuk berriro ere Madrilen esku utziko dituela Jaurlaritzako langileen enplegu beharrak eta soldata. Hortaz, Lakuak atzera bota du ELAre eskaria, hau da, Jaurlaritzaren 115.000 langileen lan baldintzak hemen erabakitzeko eskaria.

ELAk gogorarazi nahi du urteotan onartutako aurrekontuetan Eusko Legebiltzarrak erabaki duela Madrilen esku uztea bere langileen lan baldintzak, eta uko egin dio langile publikoen soldata eta enplegua bezalako gaietan dituen eskumenak erabiltzeari. Ondorioz:

  • Eusko Jaurlaritzako langileen %42 aldi baterakoa da. 27.000 langile baino gehiago Osakidetzan, plantillaren erdia. Hezkuntzan, 25.000 baino gehiago, %55. Eusko Jaurlaritzaren behin-behinekotasuna sektore pribatuarena baino hiru aldiz handiagoa da.
  • Plantillak, oro har, ez du soldata igoerarik izan 2025ean, eta soldata galera %8,6koa da 2022tik aurrera.
  • Euskarak bigarren mailako hizkuntza izaten jarraitzen du.
  • Lan kargek, ordezkapen falta eta gehiegizko burokratizazioak ondorio larriak dituzte langileen lan osasunean.

ELArentzat oso larria da Eusko Jaurlaritzaren erabakia. Baldintza horietan, ezinezkoa da langileek kalitatezko zerbitzua bermatzea. Halaxe salatu du sindikatuak Lakuaren atarian ere bileraren aurretik egindako kontzentrazioan, eta Eusko Jaurlaritzari esktu dio autogobernua diskurtso hutsetik praktikara eraman dezala. Bide hori sustatzeko, ELAk mobilizazioak aurrera eramango ditu, honako neurri hauek 2026ko aurrekontuetan jaso daitezen:

  • Enpleguan, pribatizaziorako ateak itxiko dituen neurri bat ezarri behar da, eta arlo publikora itzultzeko prozesuak aurreikusi behar dira, langileen subrogazioa bermatuz. Era berean, benetako behin-behinekotasuna %8ra murrizteko formulak ezarri behar dira, aldi baterako langileak finkatzea ahalbidetuko duten prozesu bermatzaileak deituta.
  • Soldatetan, 2026ko aurrekontuek % 8,6ko soldata igoera + 2025eko KPI ezarri behar dute langile guztientzat. Lanaldiari dagokionez, 32 orduko lan jarduna eta hori ezartzeko partida.
  • Lan osasuna hobetzeko, partida bat ezarri behar da gehiegizko burokraziarekin amaitzeko eta sektore bakoitzeko lan kargak arintzeko.
  • Euskaran, partida bat sartu behar da langileen euskalduntzea planifikatzeko.
  • Genero ekitatean, sektorez sektore benetako berdintasun planak negoziatzeko eta adosteko konpromisoa ezartzeaz gain, hori posible egiteko partida bat sartu behar da.
  • Plantilla gaztetzeko neurriei dagokienez, partida bat ezarri behar da gehiengo sindikalarekin sektorez sektore plantillak gaztetzeko neurriak negoziatzeko eta adosteko. Besteak beste, erretiro partziala berrezarriz.