Greban den Televida teleasistentzia enpresa ez da Jaurlaritzaren BetiOn zerbitzuaren lizitaziora aurkeztu

Baliteke Eusko Jaurlaritzako BetiOn Telelaguntza Zerbitzuko langileek -40 egun baino gehiago greban hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko- zerbitzuaren esleipenduna aldatu behar izatea; aldaketa horrek, beste behin ere, arriskuan jarriko lituzke lanpostuak eta lan-baldintzak. ELAk azpimarratu du hori Eusko Jaurlaritzaren erabaki politikoaren ondorio zuzena dela; izan ere, zerbitzu publikoa eta funtsezkoa izanda ere, Jaurlaritzak azpikontratatuta dauka, pertsonen osasunaren kontura negozioa egin nahi duten enpresa pribatuen esku utzita.
Zerbitzua ematen duen egungo ABEE, IV Tunstall Televida-GSR-Grupo Igualmequisa, ez da lizitaziora aurkeztu, arazo informatikoak argudiatuta. Eskaintza bakarra aurkeztu da, ILUNION Sociosanitario, S.A. eta Ibermática, S.A. Aldi Baterako Enpresa-Elkartea. Ez da lehen aldia zerbitzuaren esleipena aldatzen dela, eta aldaketa horiek arriskuan jartzen dituzte langileen baldintzak. Langileek iragarri zuten greban egongo zirela uztaila osoan, beren lanpostuei eusteko, beren lan-baldintzak hobetzeko eta sektore publikokoekin parekatzeko.
Halaber, uztailaren 12an elkarretaratzea egingo dute oraindik zerbitzuaren esleipena duen enpresaren egoitzaren aurrean, 11:00etan, Bilbon, Aragoi kaleko 2. zenbakian.