Eusko Jaurlaritzak ehunka irakasleren lanpostuak kolokan jartzen ditu

2018/12/20
Eusko Jaurlaritzak ehunka irakasleren lanpostuak kolokan jartzen dituen sasi-egonkortasun eta EPEko nota baloratzeko proposamenak aurrera eraman nahi ditu behin behinekotasuna eta prekarietatea betikotzeko. Honen aurrean ELAk mobilizazioak iragarri ditu eta goizean elkarretaratzea deitu du Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.

Egun, EAEko hezkuntza publikoan lanean diharduten 27.220 irakasleetatik 10.823 behin-behinekoak dira, hau da, %40a. Beraz, ikasturte honetan behin behinekotasunak gora egin du, %38tik %40ra igoz, hau da, 1123 behin behineko gehiago ditugu aurten irakasleen kidegoan. Gainera, langile hauetariko asko aspalditik daude egoera prekario honetan.

2018ko maiatzean Jaurlaritzak Steilas, LAB, CCOO eta UGTrekin sinaturiko akordioan 2017-2020 legealdirako kasurik onenean 5.500 plazako EPE dealdiak egiteko asmoa jasotzen zen. Honek behin-behinekotasuna onartezina den %28an utziko luke, hau da, azken bi ikasturteetan, Steilas eta LAB sindikatuekin batera aurrera eramandako greba eta mobilizazioetan aldarrikatutako %6ko behin behinekotasunetik oso urrun.

Honi gehitzen zaio, Eusko Jaurlaritzak aplikatzen duen muturreko ratioen politika. Hezkuntza publikoan, matrikulazioaren ondorioz sortu ez diren gela kopuruengatik behar baino 2.388 lanpostu gutxiago ditugu eta gelako ikasle kopurua %9,1ean hazi da, honek hezkuntza prozesuaren garapenean sortzen dituen arazoekin.

Testuinguru honetan ELArentzat oso larria da Hezkuntza Sailak aurrera eraman nahi duen planteamendua, hau da, EPEa gainditu baina lanposturik lortzen ez dutenei puntuak ematea zerrendetan meritu moduan baloratzeko. ELArentzat onartezina da EPEa gainditzeagatik merituak kontatzea egoera normalizatu batetan egongo bagina bezala. Izan ere, Jaurlaritzak urteetan ez du inolako EPE deialdirik egin eta egin dituenean oso plaza gutxi atera ditu lehiaketara, etengabe behin behinekotasuna areagotuz. Hezkuntza sistema larriki kaltetzen duten erabaki hauek sorturiko ondorioak konpontzeko gobernuak milaka interino eta ordezko “erabili” ditu urte askotan, behin-behineko kontratuekin, modu prekarioan. Proposamenak milaka irakasleren lana baliorik gabe utz dezake eta ordezkoen zerrenda osoa hankaz gora jarri. ELArentzat onartezina da honelako proposamenak egitea, are gehiago aldez aurretik lanpostuak kontsolidatzeko inolako planik adostu gabe, urte luzetan hezkuntzan modu prekarioan lan egitera behartu eta beraietaz probestu den milaka irakasleren lana arriskuan jarriz.

Bestetik, 2018ko maiatzean Jaurlaritzak Steilas, LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin sinatutako akordioan jasotzen zen Jarraipen Batzordean ELAren negoziazio kolektiborako eskubidea eta eskubide sindikalak urratuz negoziatzen ari diren Sasi-egonkortasun proposamena aurkeztu zigun Jaurlaritzak pasa den asteazkeneko Planifikazio Batzordean. Eta urtarrilean bertan onartu eta datorren ikasturtean martxan jartzeko bere asmoa jarri zuen mahai gainean, nahiz eta orain badirudien, mobilizazio deialdiek sortu duten presioaren aurrean atzeratu egingo dela. Sasi-egonkortasun planteamentu hau gaur egungo behin behinekotasun eta prekarietatea bere horretan mantendu, areagotu eta betikotuko lukeen parte txar bat da. Sistema honek onartezina den eta gorantz doan behin behinekotasuna kudeatzea du helburu, ikastetxeei egonkortasuna emanez langileen lan baldintzak oraindik gehiago prekarizatuz. Eusko Jaurlaritzaren neurrira egindako trajea da: eskuak libre uzten dizkio interinoen lanpostuak suntsitzeko matrikulazioaren beherakada etortzen denean. Gainera, partxe txar bat den heinean gabezia eta arrisku asko ditu. Lanpostuen banaketa injusto batetara eramango gaitu proposamen honek, izan ere, antzinatasun eta puntu asko dituztenak bakanterik gabe gera daitezke puntu gutxiago dituztenak bakante hoietan egonkortuta dauden bitartean.

ELAren aburuz badago alternatiba benetako arazo larri den behinekotasunari irtenbide egoki bat emateko. Ikastetxeen eta hezkuntza sistemaren behar estrukturalak lanpostu estrukturalekin bete behar dira eta behin-behinekotasunarekin amaitu, kontsolidazio bermeak izango dituen behar besteko EPE deialdi bidez. Beraz, lehenengo behar estrukturalak ondo definitu behar ditugu, beharrezko lanpostu guztiak sortu, behin-behinekotasuna %6ra jaitsiko duten kontsolidazio EPEak diseinatuz eta berriro ere behin behinekotasun maila ikaragarri hauek errepikatzea ekiditeko beharrezko neurriak hartu behar dira.

Beraz, ELA sindikatutik beharrezkoa ikusi dugu prekarietatea betikotzea helburu duen proposamen hauek gelditzeko mobilizazioak aktibatzea. STEILAS eta LAB sindikatuekin harremanetan jarri ginen pasa den astean deialdi bateratu bat egiteko asmoarekin, baina ezezkoa jaso ondoren sare sozialen bidez izan genuen atzo LAB sindikatuaren kontzentrazioaren berri, baita jarraipen batzordearen berri ere. Ezin dugu inolaz ere ulertu hain larria den gai baten aurrean ELAren ahotsa isilarazten saiatzea praktika erabat antidemokratiko eta antisindikalen bidez.

Hau honela, ELAren eskubide sindikalak urratzeari utzi eta negoziazio gaiak negoziazio mahaian negoziatzea exijitzen diogu bai Jaurlaritzari, baita gainerako sindikatuei ere. Bestetik, sasi-egonkortasun proposamen hau eta EPEko nota merituetan baloratzearen neurria berehala bertan behera utz dezala eskatzen diogu Jaurlaritzari, behin-behineko langileen prekarietatea areagotu eta lanpostuak arriskuan jarri besterik ez baitu egiten. Hau horrela izan ezean, urtarriletik aurrera mobilizazioak areagotuko ditugu.