ZUBIETAKO GIZARTERATZE ZENTROA (GZ)

Eusko Jaurlaritzak ez du bermatu Zubietan GZ irekiko duenik

2023/10/04
Joan den astean ELAko ordezkaritza bat Eusko Jaurlaritzako espetxeetako arduradunekin bildu zen; han izan zen ere Jon Arturo Uriarte Justizia zuzendaria. Sindikatuko ordezkariak harrituta geratu ziren, izan ere, orain arteko harremanetan esan izan duten kontrara, administrazioak ez baitzuen inongo unetan ziurtatu Zubietan Gizarteratze Zentro (GZ) bat eraikiko duenik.

GZak erregimen irekirako (espetxeratzeko hirugarren gradua) eta asteburuko atxiloaldiak betetzeko zentroak dira. Horregatik, ELAk beharrezko deritzo halako bat izatea Lurralde Historiko bakoitzean, espetxeratuen gizarteratzea benetan gauzatzeko egitura egokia izate aldera. Zentro hauetako lantaldea publikoa izan behar da, zerbitzua pribatizatzeko edozein saiotik salbu, beti ere gizarteratzea bermatzeko.

ELAk Eusko Jaurlaritzari galdegin dio bultza dezala zigorrak betetzeko euskal zerbitzu publiko, humano, demokratiko, euskaldun eta pribatizaziorik gabea.