LANGILE PUBLIKOAK
Eusko Jaurlaritzak ez du onartu erretiro aurreratua ahalbideratzeko ELAk egindako proposamena

Eusko Jaurlaritzako plantilla osoaren lan baldintzak ezartzen dituen Mahai Orokorra izan da gaur Lakuan. Oraingoan, Eusko Jaurlaritzako langileen txanda kontratuari eta erretiro aurreratuari buruz hitz egin da. ELAk eskubide hori berreskuratzeko proposamena egin bazuen ere, Enplegu Publikoaren sailburuordeak, Maite Barruetabeñak, uko egin dio gaur gaurkoz ELAk egindako planteamenduari. Erretiro aurreratua apirilaren 1etik aurrera ezabatu zuen Eusko Jaurlaritzak, Madrilek ezarritako arauak jarraituz, sindikatuak kritikatu duen bezala. Bileran argi geratu da Jaurlaritzak, beste behin ere, men egiten diola estatuko Gobernuari eta azken hilabete hauetan ez dituela konponbide propioak bilatu.
ELAren proposamenak lan-kontratuko langileei erretiro partziala hartzeko aukera emateaz gain, funtzionarioek eta estatutupeko langileek erretiroa aurreratu ahal izateko tresnak ere jasotzen zituen. Besteak beste, Hezkuntza Sailaren garbiketan eta sukaldean lortutako akordioa beste esparru batzuetara zabaltzeko eskatu du, eta Eusko Jaurlaritzaren eremuko hitzarmenetan jasotako erretiro sariak berreskuratzeko.
ELAk Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu du, autogobernuaren aldeko diskurtsoak egiten dituen arren, Madrilek ezarritako erabakiak sistematikoki aplikatzen dituelako. “Estatuko Gobernuaren eta gure herrialdean gutxiengoa duten sindikatuen artean lortutako akordioak ezartzea ondorio oso larriak ditu euskal langile publikoentzat”, salatu du Igor Eizagirrek, Gizalan-Zerbitzu Publikoetako arduradunak. ELAk grebak eta mobilizazioak deitzen jarraituko du, euskal sektore publikoaren baldintzak Euskal Herrian erabaki daitezen erakundeek eta alderdi politikoek neurriak hartu arte.