OSAKIDETZAKO GARBIKUNTZA
Eusko Jaurlaritzak grebarako eskubidea urratzen jarraitzen du

60 greba egun bete diren egunean, Osakidetzako garbitzaileek salatu dute Eusko Jaurlaritzak grebarako eskubidea urratzen jarraitzen duela. ELAk adierazi du orain arte ezohiko bost garbiketa agindu dituela Gipuzkoan, eta gutxieneko zerbitzuen azken aginduan handitu egin dituela egin beharreko lanak. “Bi helburu ditu: langileak desmobilizatzea eta gatazkan duten erantzukizuna saihestea”, adierazi du sindikatuak. Langileek negoziazio mahaia desblokeatzea eta karrera profesionala ordaintzea eskatu dute. Bien bitartean, ordea, ez dago aurrerapausorik. Duela bi aste, Lan Sailak bilera batera deitu zituen langileak, eta joan den asterako alderdi guztiak berriz elkartzeko konpromisoa hartu zuen. Hala ere, bilera hori ez da egin.
Eusko Jaurlaritzaz gain, ELAk zuzenean interpelatu du patronala. Apirilaren 21ean bilera bat egin zen patronalarekin, inolako aurrerapenik gabe, enpresek ez zutelako negoziazioan zuten erantzukizuna onartu eta ez zutelako inolako planteamendurik egin karrera profesionalaren ordainketari buruz.