Itzarriko murrizketak ez ditu oraindik bertan behera utzi Eusko Jaurlaritzak

2018/01/23
Abenduaren 19an Itzarriren Gobernu Batzordea bildu zen. Itzarri, Eusko Jaurlaritzaren esanetara lan egiten duten beharginen BGAEa (Borondatezko Gizarte Aurreikuspen Erakundea) da. Bileran Josu Erkoreka erakundearen lehendakari, Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburu denak iragarri zuen exekutiboak 2018an %0,5eko ekarpena egingo zuela Itzarrira. Gaur, urtarrilak 23, igoera hau onartu du Eusko Jaurlaritzak.

Gogoratu beharra dago Eusko Jaurlaritzak 2012an erabaki zuela Herri-Administrazioko langileen Lan Hitzarmenari dagozkion ekarpenak ez egitea, eta ordutik hona ez duela euro bat ere jarri. Izan ere, orain arte aipatu izan du Estatuko legeak galarazi egiten zituela ekarpen horiek. Haatik, gaurko erabakiarekin agerian geratu da hura aitzakia besterik ez zela, legea aldatu gabe eta alde bakarreko erabakiz ekarpena egitea ebatzi baitu, modu partzialean bada ere.

Beraz, konfirmatu egin da ELAk 2012tik aurrera eta, batez ere, 2014tik hona esan izan duena (urte hartan estatuko lege bera indarrean izanik udalek eta foru aldundiek Elkarkidetzarako ekarpenak berreskuratu zituzten): borondate politikorik ez izatea da arrazoia arlo publikoan diharduten milaka langileek lan hitzarmenaren arabera ordaindu behar zaien kopurua jaso ez zezaten.

Urteotan ELAk behin eta berriz esan du Itzarrirako ekarpenik ez egitea ez zela zuzena. Itzarriko Gobernu Batzordean eta Batzar Nagusian salatzeaz gainera, sindikatuak Jaurlaritzari berari galdegin izan dio ekarpena egiteko, eta auzitara ere jo du hori lortu nahian. Orain, bost urte igaro direnean, Gobernua berriz ere ekarpena egiten hastea oso adierazgarria da: urte hauetan langileen dirua beste xede batzuetarako erabili du, bere lehentasun politikoetarako, hain zuzen ere.