Eusko Jaurlaritzak Itzarrira egin behar dituen ekarpenak %50an murriztuta mantentzen ditu

2019/11/27
Eusko Jaurlaritzako eta bere erakunde autonomoko langileek duten Itzarri BGAEari egiten zaizkion ekarpenak 1,5%era igotzea onartu du Gobernuak. Hortaz, urtea amaitu aurretik aportazioak %0,5eko igoera izango du. ELAk, ordea, gogor salatu du oraindik ere ekarpenak ez direla bere osotasunean egingo. “Erabaki honekin oraindik Gobernuak %50ean mantenduko du langileei egiten dien murrizketa”. Sindikatuak gogoratu du Eusko Jaurlaritzak ezezko biribila ematen jarraitzen diola Itzarrira egin beharreko ekarpenak bere osotasunean egiteari, nahiz eta horretarako inolako debekurik ez dagoen.

Urte luze hauetan gobernuak ez du bete langileei emandako hitza, hau da, urtean Itzarrira soldataren %3a sartzeko konpromisoa. “Eusko Jaurlaritzak agerian utzi du ez daukala langile publikoei ezarritako murrizketak bertan behera uzteko asmorik, eta bere langileen lepotik diru publikoa aurrezten jarraituko duela”.

ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak murrizketa honi buruz izan duen jokabidea oso larria da, izan ere, EAJk berak sartu zuen 2014ko Estatuko Aurrekontu Orokorretan zuzenketa pentsio-planetara ekarpenak egiteko debekua altxa zedin. “Areago, Itzarrin ekarpenak egitea ukatzen duen alderdi bera tokiko eta foru-administrazioaren BGAEan, Elkarkidetzan, ekarpenak egiten ari da”, gehitu dute sindikatuko ordezkariek.

ELAk murrizketa honen leheneratzea lortzeko borrokatzen jarraituko du, kaltetutako esparru guztietan, eskura dituen tresna guztiekin. Are gehiago, gai honen inguruan hasitako bide juridikoa Auzitegi Gorenean dago jada.

ELAk dei egiten die murrizketa honek kaltetutako langile guztiei beren eskubideen alde mobiliza daitezen, baita murrizketa guztien leheneratzearen alde ere.