ERRETIROA

Eusko Jaurlaritzak laboral finkoei xantaia egiteari uztea eskatzeko elkarretaratzea egin du ELAk

2023/11/14
ELAk elkarretaratzea egin du Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean, 'Eusko Jaurlaritza, langile publikoei xantaiarik ez, jubilazio aurreratua denontzat' lelopean. Bertan salatu dute Jaurlaritzak langile laboral finkoei egin nahi dien xantaia. Izan ere, Mahai Orokorreko bileran adierazi zuen langile finkoei erretiro partziala (errelebo kontratua) aplikatzeari utziko ziela.

Aurreko urteetan aplikatu du aukera hori, hori bai, lan kontratuko langile finkoei bakarrik eta pentsioen erreforma zein mahai orokorrean eta mahai sektorialetan sinatutako akordioen irakurketa murriztaileena eginez.

Oraingoan, gobernuak beste urrats bat egin nahi du, eta erabateko murrizketa ekarriko duen aukera aplikatzeko mehatxua egin die ordezkari sindikalei, Mahi Orokorreko akordioan eta hitzarmenetan egonik beharrezkoa ez duen sinadura bat eskatu nahi baitie. Batetik, Urkulluren gobernuak esaten du belaunaldi aldaketaren alde dagoela, baina erretiro partziala murrizteko erabakiaz gain, erretiro sarietan eta Itzarrin ere egin zituen murrizketak.

Egoera horren aurrean, ELAko ordezkariek Jaurlaritzari eskatu diote sinatutako akordioak bete ditzala, bai Mahai Orokorrekoak, bai sektorialekoak, eta akordioak lortzeko negoziazio erreala bultza dezala belaunaldi erreleboetan, erretiro aurreratuetan eta lanaldi murrizketetan.