Eusko Jaurlaritzaren zahar egoitzetako arreta-ratioari buruzko dekretua atzera botatzea eskatzen du ELAk

2019/10/08
Eusko Jaurlaritzak adinekoen egoitzetako betekizun materialak, funtzionalak eta pertsonalak ezartzen dituen dekretu berria onetsi du. Uztailaren 31n aprobatu eta irailaren 9an indarrean sartu zen dekretu berriak, besteak beste, ratio berriak finkatzen ditu. Bada, dekretu hori aplikatzean, egoiliarren egoera okertuko da, erabiltzaile bakoitzari eskainiko zaion denbora tartea txikituko baita. ELAk irmo salatu du hain denbora gutxi eskaini nahi izateak argi erakusten duela adinekoen egoitzetako egoiliarrak eta euren beharrak ez direla inondik inora lehentasuna Jaurlaritzarentzat.

ELAk otsailean plazaratu zuen `Zaindu nazazu gutxienez 2 orduz´ lemapean egindako kanpaina. Orduan, adinekoen zentroetako gehiegizko lan-kargak salatu zituen, eta arreta-eredua aldatzeko premia aldarrikatu ere, beti ere, egoiliarrak artatzeko behar diren denbora tarte egokiak bermatze aldera.

Bada, egoerak okerrera besterik ez du egingo. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak uztailaren 31n onartu zuen dekretu horren bidez egoitzetarako betekizun materialak, funtzionalak eta pertsonalak ezarri ditu, baina dekretu horrek ez du egoiliarrentzako zaintza duina bermatzen, eskainiko zaien denbora tartea murriztu nahi duelako Jaurlaritzak. 

Hurrengo taulan urteko arreta-orduei erreparatuta, aurreko dekretutik (1998koa) oraingo dekretura doan jaitsiera argi ikus daiteke:

Dekretu berrian: 53.332 arreta-ordu ziren urtean.

Aurrekoan:

  • Bizkaian: 55270 ordu urtean: orain, berriz, 2388 ordu gutxiago izango dira.

  • Gipuzkoan: 71,335 ordu urtean: orain, berriz, 18003 ordu gutxiago izango dira.

  • Araba eta Nafarroan: 65272 ordu urtean: orain, berriz, 11940 ordu gutxiago izango dira.

Egoeraren larritasuna islatzeko datu bat: greba aldian Eusko Jaurlaritzak %80ko gutxieneko zerbitzuak ezartzen ditu, 57.068 ordu, hau da, dekretu berriak ezartzen duena baino 3736 ordu gehiago.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak urteko lanaldia laburtzeko aukera ratioaren jaitsierari lotu dio.

ELAren aburuz Eusko Jaurlaritzak bertan behera laga du nagusien zainketa:

  • Zerbitzu publiko horren pribatizazioaren alde egin duelako.

  • Arretaren kalitateari baino, zerbitzua merkatzearen alde egin duelako.

  • Etxebizitza komunitarioak, egoitza txikiak eta tutoretzapeko etxebizitzak (Bizkaian bakarrik 100 zentro) dekretuaren eraginpetik kanpo utzi dituelako.

  • Gaueko ordutegian langileen eta egoiliarren segurtasuna bermatzen ez duelako.

  • Egokitzapen mekanikoak, bainugelak, aireztapena, gela bikoitzak banako gela bihurtzea... sortuko diren egoitza berrietan bakarrik aplikagarri izango direlako.

  • Erizaintza-zerbitzua 24 orduetan bermatu ez duelako (hori bera salatu du Medikuen Elkargoak).

  • Ez dakarrelako hobekuntzarik ez sukaldaritzara, ez garbikuntzara.

  • Lanaldi partzialeko kontratazioaren bidez enplegua prekarizatzearen alde egiten duelako.

  • Dekretuaren zioen adierazpenean egoiliarrak artatzeko pertsonala ugaltzea aipatzen bada ere, zenbaitetan gutxitu ere egin duelako.

  • Enpresentzako milioika etekinak egoiliarren eta langileen kontura doazelako.

Egoera latz horren adibide garbiak baditugu gaur: Araban Eusko Jaurlaritzak eskatu zion enpresa bateko zuzendaritzari dekretuaren inpaktua ebaluatzeko, eta ondorioen artean honako hau atera zuen: dekretua bere horretan aplikatuz gero, 3 gerokultore kaleratu beharko lituzke (orain 17 dira, beraz, 14 izango lirateke).

Horregatik, ELAk galdatu dio Eusko Jaurlaritzari dekretu hori berehala erretiratzeko, negoziazio ireki bat hasteko, ratioa igotzeko, pertsonak helburu diren eredu baterantz joateko, eta kalitatezko zerbitzu publiko bat ezartzeko.

ELAk beherago adierazitako oinarrizko eskakizunak helarazten dizkie Euskal Herriko erakundeei (Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta aldundiak) eta Arartekoari (zeinak egoitzetako arreta hobetzeko beharra adierazi baitzuen). Eskakizun hauen helburua, azken finean, zaintzaileak zaintzea da, eta horren ondorioz zainketa-zerbitzuaren kalitatea eta erabailtzaileentzako arreta ere bai:

  • Zainketa-lana behar bezala baloratzea, eta zaintzaileei behar dituzten baliabideak eskaintzea.

  • Gizarte-beharrizanak ugaltzen diren heinean, ratioak unean uneko egoerara moldatzea, dekretu erregulatzaileak berraztertuz eta eguneratuz.

  • Ratioak eguneratzean kalitatezko enplegua (prekarietaterik gabe) sortu behar da.

  • Menpeko pertsonak eta haien zerbitzura diharduten langileak zainketa-sistemaren erdian jartzea.

Ondorioz, ELAk kalitatezko ratioen alde egiten jarraituko du, pertsonak helburu dituzten ratioen alde:

 

LURRALDEA

ORAINGO EGOERA

Zainketa-denbora erabiltzaile bakoitzeko

GUTXIENEKO ESKAKIZUNA

GIPUZKOA

92 min/egunean

%30eko igoera

BIZKAIA

60 min/egunean

%100eko igoera

ARABA

88 min/egunean

%41eko igoera

NAFARROA

88 min/egunean

%41eko igoera

2 ORDU (120 min.) EGUNEAN GUTXIENEZ EGOILIAR BAKOITZA ZAINTZEKO

 

KATEGORIA

GUTXIENEKO ESKAKIZUNA

ZAINTZAILEA

2 ORDU EGUNEAN ERABILTZAILE BAKOITZEKO

ERIZAINA

24 ordu

GARBITZAILEA

%53ko igoera

SUKALDARIA

1, 50 erabiltzailerentzat