Eusko Jaurlaritzak EPEa gainditu ez eta poltsaren arauak betetzen ez dituzten hautagaiei deitu die udaltzain lanetan aritzeko

2019/02/06
ELAren iritziz, irregulartasun larriak eta kontrolik eza izan dira nagusi poltsa hori sortu zenetik. Edozein kasutan, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasunaren Koordinazioko Zuzendaritzaren azken erabakia ezin larriagoa da; izan ere, zuzendaritzak Udaltzaingoaren EPE bateratua gainditu ez duten hautagaiei deitu die udaltzain lanetan aritzeko. ELAk EAEko udalei horrelako konponketa txarren parte ez izatea eskatu die, baita udal-mailako hautaketa-prozesuak abiaraztea ere.

Poltsa horren sorreratik egin diren irregulartasun larrien zerrendan zuzendaritzaren azken erabaki hori beste bat da hau. 

Poltsa 2016. urtean sortu zen, eta ordutik hona hautaketa-prozesu bakarra burutu da; beraz, aspalditik ez dago pertsonal nahikorik dauden beharrizanak betetzeko.

Ondoren hautaketa-prozesu gehiago ez egitea erabaki zuten; poltsa osatzeko, Ertzaintzaren EPEan eta Udaltzaingoaren EPE bateratuan plazarik atera ez zuten baina EPEaren azterketa gainditu zuten hautagaiei deitu zieten.

Betekizunak betetzen zituen langilerik gabe geratu zirenean, euskararen HE gabeko hautagaiak hasi ziren udaletara bidaltzen, nahiz eta postu horietarako HE beharrezkoa izan.

Eta azken puntua zera izan da: EPE bateratuaren hautaketa-prozesu osoa gainditu ez dutenei ere deitzea.

Gertaera horien larritasuna ikusita, ELAk bere zerbitzu juridikoen ardurapean utzi du gai astun hori, eraginpeko langileek abiarazi ditzaketen auzibideak aztertzeko, eta baita erabaki horren erantzuleen legezkontrakotasunak aztertzeko ere.

Bestalde, ELAk premiazko deia egiten die EAEko udal guztiei, irregulartasun larri horietan parte hartu ez dezaten. Izan ere, EPE eta poltsa bateratu horrek ez dio inori onik egiten, ez langileei, ez zerbitzu publikoari, ezta helburu omen den polizia-ereduari ere. Hori dela eta, udalek alde batera utzi beharko lukete lan poltsa hori, eta horren ordez, bakoitzak bere esparruan bere EPEak eta lan-poltsak lehenbailehen abiarazi.