HEZKUNTZA PUBLIKOKO SUKALDE ETA GARBIKUNTZA

Eusko Jaurlaritzari 55.000 euroko isuna jarri diote, ordezkapenen araudia ez betetzeagatik eta langile baten gainetik pasatzeagatik

2024/12/11
Kalte ordainaz gain, Justiziak Hezkuntza behartu du modu berean puntuatzera ordezkapen poltsan galdutako egunak, hasieratik zegokion ordezkapena esleitu ez ziolako. Epaia irmoa da.

Hezkuntza Sailak 55.000 euroko kalte ordainda ordaindu beharko dio ELAko afiliatu bati, ez zutelako ordezkapenen lan poltsaren ordena errespetatu eta zegokion ordezkapena galdu zuelako. Kalte ordainaz gain, ordezkapen poltsan galdutako egunei puntuazio bera ematera zigortu dute Hezkuntza Saila. Epaia irmoa da.

Bilboko Lan Arloko 10 zenbakiko Epaitegiak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila zigortu du ez duelako bete sukaldeen eta garbikuntzako sektoreko langileen ordezkapenetan indarrean dagoen araudia.

ELAk oso positibotzat jo du epai hori; izan ere, agerian utzi du Eusko Jaurlaritzaren kontratazio politikak ez direla behar bezala errespetatzen. Sindikatuak urteak daramatza salatzen Hezkuntza Saileko Sukalde eta Garbikuntzako ordezkapenak ez direla behar bezala egiten. Gutxitan betetzen dira ordezkapenak, askotan ez dira lehenengo egunetik egiten, eta jarraitu beharreko zerrenda ez da errespetatzen.