TOLOSAKO ASUNCIÓN KLINIKA

Eusko Legebiltzarraren aurrean mobilizatu dira langileak

2023/09/28
Ospitale berria %100ean publiko izatea, zerbitzu guztiak eskaintzea eta egungo langile guztiak bertan mantentzea eskatu dute.

Tolosako Asunción klinikako langileak Gasteizen egin dute elkarretaratzea, Eusko Legebiltzarraren aurrean, 23.greba egunean. Gotzone Sagardui osasun sailburuari exijitu diote bertan egitekoa den ospitale publikoak langileen lan baldintzak lehenestea.

Ospitale berriaren plan funtzionalaren zirriborroa ELA eta LABen aldarrikapenetatik oso urrun dagoela salatu dute, besteak beste, %100 publikoa izango denik ez du bermatzen, eta ez du aurreikusten inguruko beste eskualdeko ospitaleek dituzten zerbitzuak ematea. Asuncioneko 328 langileekin zer gertatuko den ez du ezer esaten.

Azken hilabeteetan hiru eguneko lanuzteak eta 23 greba jardunaldi egin dituzte euren hitzarmenaren alde borrokan, baina enpresak ez du negoziatzeko inolako borondaterik. Lan berbera egiten duten Osakidetzako langileen lan balditzetara gerturatuko dituen KPItik gorako soldata igoerak eta 35 orduko lan jardunaldia eskatzen dituzte. Bien bitartean, klinika kudeatzen duen Inviza enpresa-taldeak, 5,8 miloi euroko etekinak izan ditu azken lau urteetan, erregistroan dauden datuen arabera.

Zerbitzu publiko duinak eta kalitatezkoak eraiki nahi badira, lan baldintza onak izango dituzten langileekin soilik izango da. ELAk eta LABek eskatu dute Asuncioneko langileen eskariak bete daitezen Jaurlaritzak esku hartzea.

Tolosako Asunción klinikak eskualdeko ospitale publiko funtzioa betetzen du, bertako 62.500 biztanleri zerbitzua emanez. Gipuzkoan dauden ESIetatik publikoa ez den ospitale bakarra da. Urte luzeetan, langileek eta herritarrek aurrera eramandako mobilizazioei esker, ospitale publiko baten proiektua aurrera doa.