Hezkuntza Sailak prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa egiaztatzeko eskakizunik gabe zerrendak ireki dituela salatzen du ELAk

2020/02/03
Urtarrilaren 31ean Hezkuntza saileko langileak kudeatzeko zuzendariak, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan ordezkapenak egiteko ordezkogaien aparteko zerrendak irekitzen dituen ebazpena publikatu egin du. Ebazpenean, salbuespen gisa, Hezkuntza Sailak prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa egiaztatzeko eskakizunik gabe ireki egin ditu zerrendak.

 

ELAk gogor salatzen du Hezkuntza Sailaren jokaera hau. Alde batetik, aurreikuspen falta nabarmena erakusten du eta bestalde, EPE deialdietarako eta orokorrean zerrendetan sartzeko eskatzen dituen eskakizun pedagogikoak alboratzen ditu, unean uneko beharrei erantzuteko.

Erabaki honen atzean, agerian geratzen da Hezkuntza Sailak eta EAEko hezkuntza publikoko sareak dituen arazo estrukturalak: irakasleen %38a behin behineko egoeran dagoela eta Sailak azken urte hauetan egindako eta aurreikusita dauden EPE deialdiek ez dituztela benetan dauden beharrei erantzuten.