GIPUZKOAKO ERRESIDENTZIAK

Foru aldundiak eta patronalek prekaritatea betikotu nahi dute

Foru aldundiak eta patronalek prekaritatea betikotu nahi dute
Apirilak 23ko mahai negoziatzailean soldata igoeretan beste eskaintza bat egin badute ere, patronalek ez dute prekaritatea amaitzeko inongo neurririk jarri mahai gainean. Gauzak horrela, apirilak 28, 29 eta 30erako greba deitu du sindikatuak.

Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroetako lan gatazkak 160 greba egunetik gora bete ditu eta Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan bildu da hitzarmenaz aritzeko mahai negoziatzailea.

Apirila hasieran ELAk hiru patronalei (Matia, Adegi eta Lares) eta Foru Aldundiari proposamen berri bat helarazi zien, langileen aldarriak bildu eta sektoreko prekaritatea ezabatuta gatazkari irtenbidea emango liokeena.

Patronalek mahaian soldata igoeretan hobekuntza txiki bat iragarri bazuten ere, eskaintza eskasa da eta ELAren proposamenetik urrun dago.

Besteak beste, ELAk langileek %100eko lanaldiko kontratuak izan ditzaten eskatu du. Izan ere, gaur 5.000 langile inguru biltzen dituen sektore honetan, ia erdiak borondatezkoak ez diren lanaldi partzialak ditu. Eta hau izanik gaur sektoreak duen prekaritate elementu nagusiena, patronalek ez dute inongo neurririk proposatu, kexu da sindikatua.

Hau horrela, ELAk datorren apirilaren 28, 29 eta 30erako sektoreko greba berriak iragarri ditu. Foru Aldundiari, beste behin ere, ardura eta urjentzia politikoa bere gain hartzea eskatu eta patronalei exijitu die maiatzaren 7ko mahaira eraman ditzatela prekaritatearen aurkako neurriak.