Osakidetza Garapen Profesionaleko epaia betetzera behartu dezala eskatu dio ELAk Gasteizko Epaitegiari

2019/09/10
Osakidetzak ez du oraindik ordaindu Garapen Profesionaleko 2011ko deialdiari dagozkion atzerakinak, horiek zor dizkien 10.000 langileei, eta hori guztia dagozkien interesekin. Eta hori, ELAk 2018ko maiatzean irabazitako epai batek horretara behartzen badu ere. Zorra, 130 miloi eurotakoa da.

Epai horrek adierazi zuen Osakidetzako 10.000 langileri soldata-osagarri bat kendu zietela nominatik, nahiz eta hori egiteko arrazoirik ez izan.

Osakidetzak langileei zordundutako soldata itzultzeko batere borondaterik ez zuenez, errekurtso bikoitza aurkeztu zuen: bat EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean, eta beste bat Auzitegi Gorenaren aurrean. Aurtengo martxoan Auzitegi Gorenak ez zuen onartu Osakidetzaren errekurtsoa, eta maiatzean, Auzitegi Nagusiak ziurrenera bestea ezetsiko zuelakoan, Osakidetzak ez zuen beste irtenbiderik ikusi errekurtsoa bertan behera uztea baino.

Hala ere, Osakidetzak ez du oraindik zor duena ordaindu, 2011tik zor dituen soldatak hain zuzen ere. Igaro den denbora igarota, eta 8 urte itxaroten eta zorra pilatzen egon ostean, 10.000 langilek gaur egun Madrilgo murrizketen aitzakiarekin lapurtutako soldatak itxaroten jarraitzen dute.

Egoera honen aurrean, ELAk epaitegiari eskatu dio epaiaren derrigorrezko betearazpena, epaitegiak Osakidetza behartu dezan zor duena ordaintzera.

Dena dela, gogoratu beharrekoa da ordainketa horren bidez Osakidetzak, garapen profesionala dela-eta, duen zorraren zati bat besterik ez duela abonatuko, zeren ez baitizkie abonatuko eraginpeko langileei deialdi ezagatik jaso gabe utzitako diru-kopuruak.

Osakidetzak soldata-eskala bikoitza sortu du bere plantillan: batetik, garapen profesionalera iristea izan dutenak, eta beraz osagarria kobratu edo kobratuko dutenak; eta bestetik, merezimendu berdinak izan arren, kobratuko ez dutenak edo zegokiena baino gutxiago kobratuko dutenak, Osakidetzak deialdietan parte hartzeko aukera eman ez dielako, ez baitu deialdirik egin 2011. urtetik hona, arauetan eginbehar hori ezarrita bazegoen ere.

Osakidetzak diskriminazio onartezina sortu du, eta guk behin eta berriz salatu izan dugu, orain behingoz amaitzeko eskatu arte. ELAn auzitara jo dugu jadanik diru-kopuru horiek erreklamatzeko. Gure eskueran dauden baliabide guztiak erabiliko ditugu ordainketa hori ere gauzatu dezaten eta mobilizatzen jarraituko dugu Osakidetzak ordainketa hau egiten duen arte. Gaur egun, kolektiboaren parte oso inportante bat dago kaltetuta azkeneko 8 urtetan egondako deialdi ezarengatik (25.000 bat langile).

Bertan behera utzitako deialdiagatik eta 2012tik egin ez direnengatik zor diren diru-kopuruak 280 milioi eurokoak baino gehiagokoak dira; eta, lehen esan bezala, munta horretatik zati bat bakarrik abonatuko da (130 milioi). Osakidetzak argiro adierazi du ez duela asmorik deialdi-ezagatik ordaintzeko.

Hori horrela, berriro eskatu behar ditugu hurrengo puntu hauek:

1.- 2011ko deialdian parte hartu zuten langileei eta deialdi ezaren eraginpeko langileei zor zaizkien diru-kopuruak berehala ordaintzeko eskatzen dugu, osagarria kobratzen hasi behar zirenetik sorturiko atzerakinak barne. Horrela bakarrik bukatuko da gaur egun dagoen soldata-eskala bikoitza. Ez dugu murrizketarik onartuko.

2.- Garapen profesionalaren eredu berri bat negoziatzeko eskatzen dugu. Eredu berria irizpide objektiboetan oinarritu behar da, ez du diskriminaziorik sortu behar, oraingoan gertatzen den ez bezala. Hasiera-hasieratik azaldu dugu gure desadostasuna oraingo ereduarekin, eta alternatibak proposatu ditugu.