Garapen Profesionalaren eredu berri bat eta osagarrien ordainketa eskatu diote Osakidetzari ELA eta ESK-k

2019/03/26
Osakidetzak Garapen Profesionalarengatik zor dituen atzerakinak ordaintzeko borondaterik ez duela salatu dute Bilbon ELA eta ESK sindikatuek. 2011ko deialdiko osagarria martxoko nominarekin batera ordaintzen hasiko zela aurreratu zuten, baina ez da horrela gertatu. Jakina denez, Auzitegi Nagusiak ELAri arrazoia eman zion eta Osakidetza behartzen du langileei zor dizkien 100 miloi euro ordaintzera. Osakidetzak atzerakinak ordaintzeko borondaterik ez duela salatu du behin baino gehiagotan ELAk.

Epai horretan aitortu zenez Osakidetzako 7.000 langilek ez zuten nominan jaso zegokien soldata-osagarria, jasotzeko eskubidea izan arren. Azpimarratu beharrekoa da Osakidetzako langileen soldataz ari garela, eta soldata hori alde bakarretik murriztu zietela. Murrizketa horrekin langile-kidego horren eroste-ahalmenaren galera %21eraino metatu da.

Gogoratu beharrekoa da ELAk eskatu ziola Osakidetzari lanbide-garapenaren eredua berraztertzeko, eta irtenbide bat bilatzea; horixe izan zen garai hartako greben arrazoietako bat.