Hilabeteko greba deialdia egin dute Gipuzkoako egoitza eta eguneko zentroetan

Langileek berriz ere azpimarratu nahi izan dute prozesu osoan zehar Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu duen arduragabekeria. “Zoritxarrez beste prozesu luze eta gogor batzuetatik ikasi beharrean -Bizkaikoa halakoa izan zen, non 379 greba-egun batu ziren-, badirudi hemen gauza bera gertatzea nahi dutela”.
Hala pentsatzeko zantzu ugari dagoela berretsi dute. Izan ere, eta gogora ekarri dutenez, ELAk Adegi eta Matia 2020 patronalekin lorturiko akordioa faltsutu zuen Diputazioak, akordioa ez finantzatzeko; gero, ez zen azaldu Eusko Jaurlaritzaren Lan Ordezkaritzak deituriko bilerara; eta gainera, Markel Olanok eta Maite Peñak harro adierazi dute negoziazio-mahaian aurrerapenak egingo direla, eta haiek ez direla patronala. “Negoziazio-mahaiak ez du gehiagorako ematen, eta denok dakigu akordioaren finantzaketa aldunditik etorri behar dela. Beraz, eztabaida dialektikoetan denbora gehiago ez galtzeko, eta gatazka konpontzeko lanean hastea eskatzen diegu”.
Azaroaren 28rako deituta dagoen bilerara, ELA negoziatzeko borondate argiarekin joango dela berretsi dute, euren helburuak lortu arte borrokari eutsiko diotela argi utzita ere.
Greba honetan sektore honetako langileen lan-baldintzak hobetzeaz gain, zerbitzuaren kalitatea bera eta nagusientzako arreta hobetu nahi dutela azpimarratu dute.