Gipuzkoako erresidentzietako greba deialdia apirilaren 8 arte luzatu du ELAk

2020/03/08
Erresidentzietako langileek Martxoaren 8an amaitu dute Donostiako emakumeen etxean martxoaren 4tik geroztik aurrera eramaten ari ziren itxialdia eta hemendik aurrera kalean jarrituko dute borrokan, gutxienez, beste hilabete batez, greba deialdia apirilaren 8a arte luzatu ondoren.

Lau egunetan burutu duten itxialdian Diputazioari premiazko bilera eskatu diote baina honek ez du erantzun ere egin. Aldundiak emakume eta gizonezkoen arteko berdintasuna sustatu eta, besteak beste, soldata arrakalaren erradikazioa bultzatuko duela esan berri du. Bada, langileek gogora ekarri dute %90ean Diputazioak finantzatuta dagoen zerbitzu publikoa dela erresidentzietakoa eta gizonezko langileak dituen azpikontratatutako kategoria bereko beste zerbitzu publiko batekin alderatuz, urtean 6000 euro gutxiago kobratzen dutela. "Soldata arrakalarekin benetan amaitu nahi baldin badu Aldundiak, aukera paregabea dauka erresidentzietako gatazka konpondu eta aste honetan hartu duen konpromisoa betetzeko", berretsi dute.

Langileek 237. greba eguna egin dute eta Martxoaren 8 honetan mugimendu feministak antolatu dituen mobilizazio eta manifestazioetan hartuko dute parte. Aurrera eramaten ari diren greba feminista da, lan baldintzen hobekuntzetatik haratago, zaintzaren eredua erdigunean jarri dadila eta erresidentzietan eskaintzen den zerbitzua langile gehiagorekin hobetu behar dela eskatzen baitute. Helburu hauek lortu arte borrokan jarraituko dute.