Gipuzkoako erresidentzietako grebalarien manifestazio jendetsua izan da Donostian

2019/09/25
ELAk erabateko arrakastatzat jotzen du Gipuzkoako egoitzetan greba deialdiaren jarraipenak. Lanuzteak 30 egun luzatuko dira etengabe, prekarietaren eta soldata arrakalaren aurka. Zinemaldia dela-ta, manifestazio jendetsuari ekin diote Kursaletik grebalariek. Ondoren, hiru egunetako itxialdiari ekin diote, “Zaintzaldia” lemapean.

Greban dauden zahar-egoitzetako langileak beraien protesta Donostiako erdigunera eramango dute. Akanpada bat egingo dute Sagues Plazan irailaren 25etik 27a bitartean (asteazkenetik ostiralera). Donostian Zinemaldia ospatzen ari den egun hauetan, erresidentzietako langileen egoera prekarioa plazaratuko dute “Zaintzaldia” ekimenaren bitartez. Era honetan, Donostiako Udalak jarri dituen trabak salatu du Txomin Lasa bozeramaileak manifetazioaren haseran. "Zinemaldiaren aitzakiarekin, ez digute baimenik eman ia inon. Proposatu genituen beste kokalekuak —Bulebarra, Alderdi Eder, Katalunia Plaza—, denak debekatu zizkiguten”.

Grebalariek emakume izateagatik pairatzen duten soldata arrakala salatu du ere. “Gaur egun gizonezkoak lanean ari diren sektore pribatizatuekiko %30eko soldata arrakala pairatzen dugu, 6.000 euro gutxiago urtean, emakume izate soilagatik”. ELAk Adegi eta Matia 2020 patronalekin lortutako akordioa bere gain har dezala exijitu dio Gipuzkoako Diputazioari.

"Gaur Donostiako Udalak jarri dizkigu trabak; berdin egiten du Foru Aldundiak uneoro; eta Eusko Jaurlaritzak, berriz, kalitatezko zerbitzuen aurkako dekretua onartu berri du". Lasaren ustez, "erakundeen aliantza kriminala begibistakoa da, langile klasearen, emakumeen eta berdintasunaren aurka".