Gipuzkoako erresidentzietako langileek Diputazioaren “inozentadak” parodiatu dituzte

2021/12/28
Inozente eguna aprobetxatuta, Gipuzkoako zahar egoitzetako langileek, duela hiru urte baino gehiago langile falta eta asistentzia-kalitatearen etengabeko gainbehera salatzeko greban direnek, parodia egin dute Donostian, langile eta erabiltzaileen prekaritatea salatzeko. Horretarako, 255 eguneko grebaren ondoren, urteko azken mobilizazioan kartel eta pankartaz bete dute Gipuzkoa Plaza. Bertan, Aldundiaren ordezkarien ahotan entzundako esaldietako batzuk agertzen ziren, alegia, erresidentzietako kudeaketaren azken erantzuleak, eta ondorioz, zahar egoitzetan bizi diren egoeren arduradun zuzenak.

Kartelen artean, mezu hauek irakur zitezkeen:

Markel Olano: “Langile bat dago bi egoiliar zaintzeko”.

Maite Peña: “Egoilarrak 14 ordu ohean egotea salbuespena da”.

Langileek diotenez, horrelako adierazpenak, ordezkari politikoek eginak, Inozenteen egunean bakarrik uler litezke, errealitatetik oso urrun daudelako. Azpimarratu dutenez, egoitzetan langilerik ez egotea ez da kasu isolatu bat, ohikoa baizik. Praktikan, langile bakoitzak 13 erabiltzaile zaindu behar ditu, eta erabiltzaile askok egunean gutxienez 12 ordu ematen dituzte ohean.

Bizi duten egoera latza ikusita eta Aldundiak irtenbide bat negoziatzeari uko egiten dion arren, langileek greban jarraituko dute lan-baldintza duinak eta kalitatezko zerbitzua lortu arte.