Gipuzkoako erresidentzietako langileek greba egingo dute otsailaren 16an eta martxoaren 24an

2022/02/03
Gipuzkoako Foru Aldundiak ELArekin biltzeari uko egin dionez eta Gipuzkoako erresidentzietan bizi den egoera oso larria izanik, langile falta gero eta nabarmenagoa baita, ELAk beste bi greba egun deitu ditu, zehazki, otsailaren 16an eta martxoaren 24an. Guztira, 258 egun egingo dituzte greban.

Sindikatuak adierazi duenez, 4 urteko gatazkaren ondoren eta pandemiaren ondorioz, Gipuzkoako zahar egoitzetako egoera gero eta larriagoa da. Hala, seigarren olatu honetan, baja asko ez dira ordezkatzen langile faltagatik. Izan ere, medikuek, erizainek edo laguntzaileek ez dute erresidentzietan lan egin nahi lan-baldintzak eskasak direlako. “Egunetik egunera zerbitzu okerragoa ematen zaie egoiliarrei, eta langileen karga biderkatu egiten da”, azpimarratu du.

Aldundiari hainbat bilera-eskaera egin badizkio ere, erakundeak ez du bere erantzukizuna bere gain hartu. Gauzak horrela, ELAk, beste behin ere, bilera eskatu dio, gatazka konpontzeko ezinbestekoa dela iritzita.