Gipuzkoako erresidentzietako patronalek negoziazio mahaian proposamenik aurkeztu gabe jarraitzen dute

2022/05/09
Gipuzkoako zahar etxeetako patronalek 257 greba eguneko gatazka blokeatzen jarraitzen dute. Izan ere, negoziazio mahaia martxan jarri zenetik bost urte baino gehiago igaro ondoren, gaur, maiatzak 9, esku hutsik joan dira berriro bilerara. Bertan, ELAk benetako negoziazioa abian jartzeko borondatea eta konpromisoa berretsi ditu, eta patronalei eskatu die hurrengo bileran proposamen eguneratua aurkezteko, eduki zehatzak bilduko dituena. ELAk ziurtatu du, proposamenik ezean, ez duela “fikziozko” negoziazio batean parte hartuko.

Beste behin ere, sindikatuak Gipuzkoako Foru Aldundiari inplikazioa eskatu dio, zerbitzuaren azken arduraduna baita, eta deitoratu du erakunde publikoak ez zuela parte hartu apirilaren 5ean egindako bileran.

ELAk azpimarratu du Gipuzkoako erresidentzietako lan baldintzak eta zaintzak hobetuko dituen hitzarmen baten alde borrokatzen jarraituko duela, pandemia hasi zenetik are gehiago prekarizatu baita sektorea.