GIPUZKOAKO GURUTZE GORRIA
Hitzarmena berritzeko akordioa lortu du ELAk

Gipuzkoako Gurutze Gorrian akordioa lortu du ELAk, gehiengoa izanik, Gipuzkoako esku-hartze sozialeko hitzarmena aplika dadin. Berrehun langile baino gehiagori eragingo dio aldaketak. Bataz beste, urtean 5000 euroko soldata igoerak izango dituzte eta urteko lanorduak ere murriztuko dira, aurrerantzean, 1.592 ordu urtean, hain zuzen ere.
Gainera, orain arte jasotako antzinatasun eta 'ad personan' osagarriak mantenduko dira, eta 2022tik aurrera adostutako baldintzetan zor diren atzerapenak ordainduko zaizkie. Hori guztia aplikatzeko bermeekin.
Akordio hori lortu da langileen borrokari eta Esku-hartze Sozialeko Hitzarmena aplikatzeko ELAk hasitako bide judizialari esker. Era berean, ELAk borrokan jarraituko du Gipuzkoako Gurutze Gorriko langile guztien lan baldintzak hobetzeko.