Gipuzkoako Foru Aldundiak oraindik ez ditu beharrezko neurriak hartu egoitzetako langile eta erabiltzaileen osasuna babeste aldera

2020/09/10
ELAk honakoa eskatzen du: plantillak handitzeko berehala langileak kontratatzea, lehenengo egunetik bajan edo konfinatuta daudenak ordezkatzea eta zahar-etxe guztietan EPI osoak jartzea.

ELAren iritziz ezin da onartu pandemiaren lehen hiletan gertatu zena gertatu ondoren –Gipuzkoan 160dik gora egoiliarren heriotza eta ehunka langile eta egoiliar kutsatu izana–, Gipuzkoako Foru Aldundiak oraindik pandemiari aurre egiteko neurriak hartu ez izana.

Egoera uneotan hauxe da: Langileen gabezia estrukturalari –pandemia aurretik ere nabarmena– erantsi behar zaio zentroak berregituratzeak eragin duen lan-karga handia. Beraz, eskasia horrek arrisku larrian jartzen du langileen osasuna ez ezik, baita zahar-etxeetako egoiliarren bizia ere. Gainera, egoitza askotan ez dira ordezkatzen bajan edo konfinatuta dauden langileak, ez dira PCR nahikoak egiten eta kasu batzuetan langileentzako EPI osorik ere ez dago. Horregatik, egoera egunez egun gero eta okerragoa da. Egoiliarren eta langileen positiboak gehitzen ari dira (Hernani, Errenteria, Donostia...), baina Aldundiak ez du esku hartzen horri aurre egiteko.

Hain zuzen, abagune honetan onartu ezinekoa da Osakidetzak Aldundiei eta enpresei bidali dien zirkularra; hemen esaten du PCR proba soilik egingo zaiela 14 egunetik gora oporretan egon diren langile sozio-sanitarioei; hau ezinezkoa bada, langilea bere postura itzuli behar da, eta proba ahal bezain laster egin.

ELAk galdegin dio Aldundiari berehala kontrata ditzala langileak zentroen berregituratzeari aurre egiteko; bajan edo konfinatuta dauden langileak ordezka daitezela lehen egunetik aurrera; beharrezko PCR probak egin daitezela, eta langile guztiei eman diezaietela lanerako beharrezko duten materiala, euren eta egoiliarren osasuna bermatzeko.

ELAk ez du ulertzen, kutsatze maila berriz ere ugaltzea posible den uneotan, Aldundiak eta enpresek ezer ez egitea zentroetako egoera hobetzeko.