Gipuzkoako zahar etxe eta eguneko zentroetako gabonetako azken grebak ere erabateko jarraipena izan du

2018/12/31
Langileek greba egin dute eta manifestazioan atera dira Gipuzkoa Plazatik Bulebarreraino. Abenduaren 24an hasi eta 31 arte luzatu den greba deialdi berri honek erabateko jarraipena izan du. Txalotzeko da hori, kontuan hartuta, gainera, langile askori grebarako eskubidea ukatu zaiela, gehiegizkoak eta neurrigabekoak diren gutxieneko zerbitzuak ezarri direlako.
  1. Hiru hilabete igaro dira dagoeneko Gipuzkoako zahar etxe eta eguneko zentroan greba hasi zenetik, baina patronalak eragindako gatazka urrunetik dator; izan ere, bi urte eman dituzte langileek sasi negoziazio batean murgilduta, ez atzera ez aurrera. Blokeoaren aurrean greba beste aukerarik ez dute izan langileek.

Bada, greba hasi zenetik hiru hilabete igaro direnean eta X greba egun egin dituztenean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren erantzukizun faltak eta patronalaren izozketaren proposamenek gatazka blokeatu besterik ez du egiten.

Bereziki larria da Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera, aintzat hartzen badugu publikoki soldata arrakala bertan behera uztearen aldeko apustua egiten duela, baina praktikan kontrako norabidean sakontzen duela. M8 gainean dugula ere, emakumeen eskubideen aldeko aldarrikapen publikoak egiten ikusiko ditugu, praktikan, eskubide horiek ukatzen dituzten bitartean.

Ezin ahaztu genezake erakunde honek ia bere osotasunean finantzatzen duela sektore hau, hortaz, ezin dezake bere alde batera begiratu eta langileek bizi duten prekarietatean duen erantzukizuna ukatu. Aldundiak sektore honetako erabiltzaileak, familiak eta langileak albo batera utzi ditu. Bitartean, patronalek ez dute fitxarik mugitu eta izozketak proposatzen jarraitzen dute.

Hona hemen langileen aldarrikapen nagusiak:

  • Hobekuntza ekonomikoak (soldata igoerak, plusen igoerak…)
  • 20 minutuko atsedenaldi ordainduak
  • Lanaldien normalizazioa
  • Ratioen hobekuntza zerbitzuaren kalitatea bera bermatuz
  • Norberaren zereginetarako egunak
  • Gaixo egoteagatik penalizaziorik ez jasotzea
  • 60 urtetik gorako langileentzat erraztasunak
  • Hobekuntza sozialak…