Gizarte ekimeneko ikastetxe batzuetako zuzendaritzek greba eskubidea urratzen dihardutela salatzen du ELAk

2018/05/16
Bizkaiko lan ikuskaritzak zigortzeko expediente bat ireki dio jada ikastetxe bateko zuzendaritzari martxoak 20ko greba egunean greba eskubidea urratzeagatik. Sindikatu deitzaileek gaurko greba jarraipena % 65ean zifratu dute, atzokoaren oso datu antzekoa.

ELAk salatzen du ikastetxe batzuetako zuzendaritzak greban dauden langileak ordezkatzen ari direla, modu horretan langile orok, eta hauek ere, duten greba eskubidea urratuz.

Martxoak 20ko greba egunean ikastetxe baten aurka aurkeztutako salaketa baten ondorioz Bizkaiko lan ikuskaritzak emandako ebazpen batean greba eskubidea urratu zela adierazi arren, oraingo greba deialdi hauetan ere (maiatzak 15 eta 16) ikastetxe batzuetako zuzendaritzek greba eskubidea urratzen jarraitu dute langile grebalariak ordezkatuz.

ELAk Kristau Eskola eta EIZE patronalei eskatzen die ikastetxeetako zuzendaritzei jarrera hau bertan behera utz dezatela galdegitea.

Hau egin ezean, ELAk langile hauen greba eskubidea bermatzeko, zein erabaki hauek hartzen ari diren pertsonen aurkako bere esku dauden neurri guztiak aztertu eta aurrera eramango ditu.

Atzoko greba eta manifestazioaren arrakastaren ostean - % 65eko jarraipena eta 5.600 lagun manifestazioan Udaltzaingoak esandakoaren arabera-, langileok masiboki atera dira berriz ere lan baldintzen defentsan eta lan hitzarmen berri bat eskatzeko.

Lehen datuen arabera, sindikatu deitzaileek gaurko greba jarraipena % 65ean zifratu ute, atzokoaren oso datu antzekoa. Ikastetxe gehienek jarduerarik ez dute izan edo oso eskasa izan da eta ikastetxeetako langileak kalera atera dira berriz ere, hiru hiriburuetan egindako manifestazio jendetsuetan. Udaltzaingoaren datuen arabera, Bilbon 2.600etik gora bildu dira, Donostian 1.000tik gora eta Gasteizen 500 baino gehiago.