Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako sindikatuek bilera berri batera deitu dituzte patronala eta Hezkuntza Saila

2019/05/23
Maiatzak 30ean Lan Harremanen Kontseiluan izango den bilera batera deitu dituzte Gizarte Ekimeneko sindikatuek patronala eta Hezkuntza Saila "bakoitzak daukan ardura bere gain hartuz, zintzotasunez jokatu eta akordioak erdiestea ahalbideratuko duten planteamendu eta proposamenak ekartzera gonbidatuz". Sindikatuek gogora ekarri dutenez, maiatzak 8 eta 9ko greben ondoren ez da inolako harremanik izan sindikatu eta patronalaren artean.

ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT-ren oharra:

Martxoak 25eko mahaiaren aurretik, patronalak sindikatuokin izandako aldebiko bileretan, adostasunak erdiestea ahalbideratu zezaketen planteamendu batzuk egin genituen; mahai negoziatzaile hartan aurkeztu zuten proposamena, ordea, planteamendu haietatik oso urrun zegoen eta onartezina zen. Gainera proposamen hura definitibo eta aldaezin bezala aurkeztu zuten.

Jarrera itxi haren aurrean, sindikatuok akordio puntuak non zeuden jasotzen zuen dokumentua helarazi genien bai patronal bai Hezkuntza Sailari ere; ez batak eta ez besteak ez zigun erantzun, ordea; beraz, egoera desblokeatzeko asmoz bilera batera deitu genituen Lan Harremanen Kontseiluan (LHK). Sektoreko patronal nagusiak, Kristau Eskolak, alegia, bilerara ez etortzea erabaki zuen, apirila eta maiatzerako deituta genituen grebak abian zirela argudiatuz. Horrela, Hezkuntza Sailari ere bilerara ez joateko aitzakia perfektua eman zion.

Apirileko greba egunen ondoren eta maiatzeko greben bezperetan, beste behin ere Kristau Eskola patronalak sindikatuon aldetik adostasunak erdiesteko egindako saiakerak zapuztu zituen. Horrela, ustez diskretoak izaten ari ziren elkarrizketa batzuen berri eman zuen, eta gatazka bideratzeko sindikatuok helarazitako ildotik erabat urruntzen den proposamen bat zabaldu zuen ikastetxeetan, oraindik sindikatu denei helarazi gabe eta sindikatu bakar baten erantzunik ere jaso gabe. Argi dago fede txarrez eta langileen eskaerei erantzun gabe mobilizazio eta grebak desaktibatzeko helburu soilarekin jokatu zuela berriro ere patronalak, langileen, ordezkarien eta sindikatuen artean nahasmena eta hausturak bilatu nahian.

Hezkuntza Sailak, berriz, inplikatu gabe jarraitzen du, eta otsailean Legebiltzarrak gatazkaren irtenbidean inplikatzeko egindako eskaera ere ez du betetzen. Hezkuntzako laguntza espezialisten inguruan esandakoak esan, sindikatuoi ez digute inolako berririk eman, eta patronalak egindako proposamenak bere horretan jarraitzen du. Birkokapenaren inguruko planteamenduan ere ez da aldakaterik egon, mahai gainean jarritakoak birkokapenik bermatu gabe jarraitzen du, beraz.

Maiatzak 8 eta 9ko greben ondoren ez da gatazka konpontzeko inongo planteamendu edo proposamenik izan ez patronal ez Hezkuntza Sailaren aldetik.

Egoera honen aurrean, sindikatuok gizarte ekimeneko ikastetxeetako gatazkan langileen eskaerei erantzuna emango dion negoziazioa bideratzeko asmoz, Hezkuntza Sailburua eta patronalak maiatzaren 30ean 16.00etan Bilboko Lan Harremanen Kontseiluan izango den bilerara deitzen ditugu berriro ere. Bakoitzak daukan ardura bere gain hartuz, zintzotasunez jokatu eta akordioak erdiestea ahalbideratuko duten planteamendu eta proposamenak ekartzera gonbidatzen ditugu. 

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileek argi utzi dute gatazka hau lehenbailehen konpontzea dela euren asmoa, baina beste aldetik proposamen zintzorik jaso ezean, mobilizazioekin jarraitu eta grebak indartu beste biderik ez digute utziko.

Batuta eta tinko daude langileak, Bilbon maiatzaren 23an egindako manifestazio jendetsuan erakutsi duten bezala.