Transferentziak
Gizarte Segurantzaren kudeaketa berehala transferitzea eskatu du ELAk

Hiru urte bete dira Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak transferentzien egutegia adostu zutenetik. Bada, ELAk Gernikako Estatutua betetzeko eta Gizarte Segurantzaren kudeaketa ahalik eta azkarren transferitzeko eskatu du. Izan ere, sindikatua kezkatuta dago gaur egungo egoerarekin: gero eta langile falta handiagoa dago (%35ekoa) plantilla zahartzen ari delako. Erretiroak ez dira betetzen, hutsik geratzen dira, eta horrek eragin du lan kargak handitzea eta aurrez aurreko asistentzia ia erabat ezabatzea. Ondorioz, gero eta zerbitzu eskasagoa eskaintzen zaie herritarrei.
ELAk azaldu du LEPek ere ez dutela arazoa konpontzen, deialdiak Estatuko Administrazio osorako direlako, ministerio eta probintzia bakoitzeko errealitateak kontuan hartu gabe, eta plaza kopuru txikia ateratzen dutelako. Gainera, Estatuko Administrazioak ez ditu betetzen beraiek ezarritako birjarpen-tasak.