Gobernu espainiarrak, murrizketa berriak ezarriz, enplegu publiko gehiago suntsituko du, eta lan-baldintzak are gehiago lorrinduko
Gaur, uztailak 11, ELA Madrilgo Funtzio Publikoaren Mahai Orokorraren bileran egon da, eta han Gobernu espainiarrak jakitera eman du neurri berriak hartuko dituela, enplegatu publikoen lan-baldintzen kaltetan. Gainera, Gobernu espainiarrak iragarri dituen murrizketa larri horien ondorioz autonomietako eskumenak zapalduko dira:
- Aparteko ordainsari baten desagerpena, honek soldataren %7ko jaitsiera suposatzen du, ondorioz, azken bi urteetan enplegatu publikoek %20 baino gehiagoko eros-ahalmena galduko dute.
- Bajen kasuan ematen diren soldata-osagarriak kentzea, hau da, gaixotzen den jendea zigortu egingo dute eta, kasu askotan, diru-galera gehiago izan ez ditzaketen langileak lan egitera behartuko dituzte hori egiteko moduan egon ez arren.
- Funtzio Publiko guztiaren berregituratzea emango dela aurreratu dute langile kopurua murriztu dadin, helburu berarekin norberak hartzeko libre dituen egunak murriztu dituzte.
- Horrez gain, aurreratu dute enplegatu publikoen babes kolektiborako instrumentuak mugatu egingo dituztela.
ELAren iritziz iragarritako neurriek herritarren oinarrizko zerbitzuak gehiago hondatuko dituzte. Izan ere, enplegu publikoa kenduz, lan-kargak handituz eta lan-baldintzak okertuz gauza ziurra da zerbitzu publikoak lorrinduko direla, haietako batzuk errotik ezabatzen ez badira.
Krisitik ateratzeko neurriak izan beharrean, horrelako murrizketak gobernuek finantza-botereei eta Europako Batasunari eman dioten ordaina dira, Estatu espainiarrak jaso duen mailegu pozoitsuagatik, banka-sistemaren ustezko "erreskatea” egiteko. Botere ekonomikoek eta gobernuek langileak hartu dituzte gatibu, aberastasuna metatu nahian eta espekulazio bidez sortu zituzten zulo beltz izugarriak estaltzeko.
Krisiaren eta zorraren aitzakiatan, murrizketa horien guztien helburua zerbitzu publikoak diren herri-ondasuna deskapitalizatzea eta pribatizatzea da, herritarren mesedetan egon beharko zena onura pribatuaren mesedetan gera dadin. Krisiak sortu duen shock egoeraz baliatuz, eta horrela jendea beldurraraziz, oinarrizko eskubide eta zerbitzu horiek desmuntatu nahi dituzte inoiz baino beharrezkoagoak direnean, gizartea inoiz baino txiroagoa denean eta babesik gutxiago duenean, hain zuzen.
Gobernu espainiarrak aipaturiko neurriak ezartzeko duen asmoa ikusita, dei egiten diegu Hego Euskal Herriko administrazio guztiei, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko gobernuei, foru-aldundiei eta toki-administrazioei, autonomiaren alde agertzeko, eta politika neoliberal horiei aurre egiteko, zeren politika horien xede bakarra botere ekonomiko-finantzarioen arduragabekeriaren, konplizitatearen eta jokabide kriminalaren ondorioak zerbitzu publikoei eta herritarrei leporatzea da-eta. Tamaina horretako eraso horren aurrean, hauteskunde-kalkuluez haraindi, gizarte- politika zuzenak eskatu eta benetan ezarri nahi dituztenek ez dute beste zereginik aurre egitea baino, demokraziatik eta desobedientziatik. ELAk oinarrizko eta funtsezko eskubideak eta gizarte-arloko subiranotasuna praktikan jartzeko aukera hau erabiltzeko eskatzen die Hego Euskal Herriko erakunde guztiei. Neurri hauek aplikatu nahi ez dituztenek ez ditzatela aplikatu ala kargua utz dezatela.
Mugimendu sindikalari eta langileriari geratzen zaigun irteera bakarra mobilizazio-bidetik jarraitzea da, borroka lantegietan eta gizartean antolatuz, eta zapalkuntza hori gelditzen ahalegintzea. Geratuko zaizkigun lan- eta gizarte-arloko eskubide bakarrak zaintzen asmatzen ditugunak izango dira. ELAk dei egiten dio langile-jendeari, bereziki zerbitzu publikoetako langileei antolamendu bidetik jarraitzeko, eta eraso berriei erantzuteko, abiaraziko ditugun mobilizazio guztietan parte hartuz; horrela bakarrik gelditu ahal izango dugu azken urteotako eskubide laboral-sozialen galerarik handiena.